argia.eus
INPRIMATU
Gose greba utzi du Aitzol Gogorza preso gaixoak
  • Larriki gaixo dagoen euskal presoak Espetxe Araudiaren 100.2 artikulua aplikatu diezaiotela eskatu du, zigorra etxean betetzea ahalbidetuko liokeena. Ostegunetik astelehenera egon da gose greban Basauriko espetxean.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 20a
Preso gaixoen askatasunaren aldeko kontzentrazioa. (Arg.: Argazki Press).

Ez da lehen aldia, iazko abuztuan sei eguneko beste bat egin zuen. Aitzol Gogorzaren egoeraren larritasuna salatu du Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Presoak nahasmen obsesibo konpultsiboa pairatzen du eta laguntza psikiatrikoa behar du. Lau egun egin ditu gose greban eta, senideek adierazi dutenez, hiru kilo galdu ditu.

Gogorzaren egoera salatzeko, mobilizaziorako deia luzatu dute datorren iganderako, hilak 26, Oreretan, “Berriro gerta ez dadila! Herri borrokaz preso gaixoak kalera! Amnistia osoa” lelopean.

“Gaixorik egonda bere bizitzaren alde egiteko horrelako neurri latzari heldu behar izanak guztion kontzientziak astindu beharko lituzke”, adierazi du mugimenduak. “Kaleak astindu behar ditugu horrelako ezer berriro gerta ez dadin, eta denbora gure aurka doa”.