argia.eus
INPRIMATU
‘Aitzol’ eta Florencia Olazagoitia: bi kasu 1936ko basakeriaren biktimentzat justizia egiten hasteko
  • Gipuzkoako Aldundiak kereila jarriko du Jose Aristimuño Aitzol apaiz eta euskaltzale tolosarraren eta Florencia Olazagoitia Arrasateko militante sozialisten kasuak argitzeko, Donostiako epaitegian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko urtarrilaren 18a
Florencia Olazagoitia, 40 urte zituen eta haurdun zegoen frankistek desagerrarazi zutenean (arg. Goiena)

Asteazkenean Donostian aurkeztu zuten ekimena eta egunotan hasiko dute auzibidea, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi zuenez. Bi kasuok hartu dituzte "sinbolikoki", lurraldean frankistek gerra garaian hildako mila lagun ingururen kasuak ere gogoan izanda. Azaldu dutenez, modu estrategikoan erabiliko dute kereila, Europakoari helduz Espainiako jurisprudentzian aldaketak sorrarazteko eta "egia judiziala argitan jartzeko".

Eskuan badituzte hainbat txosten Aranzadi Zientzia elkarteak eta UNESCOk egindakoak. Azkeneko erakunde honen Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko katedrako zuzendariak, Jon Mirena Landak, bere aldetik nabarmendu zuen gerra batean ikuspegi juridiko batetik "onartu" egiten direla "basakeria" besterik ez direnak, "Estatu jazarpen-politika sistematikoa", alegia.

Jose Aristimuño Aitzol 1936ko urrian hil zuten Hernaniko hilerrian, Baionatik Bilbora Galerna ontzian zihoala frankistek harrapatu ondoren –ontzi horretan zioazen bbidaiari gehienak ere fusilatu zituzten–. Ondarretako kartzelan basaki torturatu ondoren "libre" utzi eta halaxe eraman zuten Hernanira. Hango hilerrian baina, ez dira bere hezurrak agertu, eta zenbait teoriaren arabera baliteke Madrilgo Erorien Haranean egotea; beste aukera erreal bat da norbaitek ezkutuan hezurrak hobitik atera eta panteoiren batean gorde izana.

Ekitaldian Florencia Olazagoitiaren bilobak ere hitz egin zuen eta nabarmendu zuen oraindik ez dakitela non dagoen bere amona "ezta nortzuk eraman zuten ere". 40 urte zituen, hiru seme-alabaren ama zen, eta haurdun zegoen.