argia.eus
INPRIMATU
Aitziber Gurutzeaga: “Auzoko euskaldunak aktibatzea lortu dugu”
  • Ezagun egin da Donostiako Egia auzoan antolatutako “Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako” ekimena, beste herri eta elkarte batzuentzat ipar-orratz bilakatzeraino (Añorga, Donostiako Piratak, Hernani, Agurain, Lasarte-Oria, Astigarraga, Arrigorriaga...).

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko urtarrilaren 27a
Aitziber Gurutzeaga eta Berdaitz Gurutzeaga (arg: Dani Blanco)

Guztiek, lanketa ezberdinak eginda, oinarri bera izan dute: euskararen alde jaiak egitetik atera eta euskaraz bizitzeko estrategiak probatzearen beharra. “Egia Euskaraz ekimenean parte hartu duten lagunek kontzientziazio lana egin dute”, adierazi digu Aitziber Gurutzeagak, baina kontzientziazioak badu plus bat ekimena aktiboa bada, hau da, aipatzen diren estrategiak praktikan jartzen badira. “Norberarengan eta inguruan izan du eragina eta auzoko euskaldunak aktibatzea lortu dugu”, dio Gurutzeagak.

19. Korrikako mezua izan dute buruan eta “salto handia” izan dela diote euskararen ahalduntzean. Pozarren daude lortutakoarekin eta “ildo beretik jarraitzeko asmoa” agertu dute. Sari honek aurrerako bidean ere indarra eman diela gaineratu du Gurutzeagak.