argia.eus
INPRIMATU
Aitziber Coello euskal preso politikoa libre utzi dute 16 urte espetxean emanda
  • Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Aitziber Coello Onaindia euskal preso politikoa aske utzi dute 16 urte preso eman ondoren. Picassenteko (Valentzia) espetxean egin ditu azken urteak eta larunbatean libre irten da hango amen modulutik, bere semearekin batera.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 03a
(Argazkia: Etxerat)

Aitziber Coello preso durangoarra 2004an atzeman zuten, Coulainesen (Frantzia), ETArekin lotuta, geroztik bere bikotekide izan duen Asier Aginakorekin batera. Coellok hainbat espetxe ezagutu ditu, beti Euskal Herritik urrun. Frantziak 2012an Espainiako agintarien eskuetan utzia, 2017tik ondoan eduki du espetxean sortutako haurra.

Euskal preso politikoek bizi duten sakabanaketaren eta urruntzearen adibide latza da Coello-Aginako familiarena. Duela urtebete, 2019ko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Aginakori onartu zion kartzelaldia etetea, buruan daukan tumore baten larritasunagatik. Aginakok familiagandik hurbil egoteagatik Picassent ondoko herri batean hartu zuen bizilekua. Hilabete batzuen buruan, Berria-k kontatu duenez, Coellori espetxe agintariek baimendu zioten egunero lau orduz irtetea umearekin, honen aitarekin egon ahal izateko. Covid-19 izurria zabaldu denetik, ordea, eten egin dira ama-semeen irteerak: Coellori Espainiako Espetxeen Erakundeak ez dio baimendu bere zigorraren azken hilabetea baldintzapeko askatasunean ematea kanpoan, nahiz eta beste preso askori hori onartu zaien eta batere kontuan eduki barik familiak bizi zuen egoera zaila.

Aginakok Euskal Herritik urrun bakartuta egin behar izan du konfinamenduaren parte handi bat, harik eta emaztea laster irtetekoa zela eta Euskal Herrira itzuli den arte. Larunbatean izan dute hirurek, Aitziber Coellok, Asier Aginakok eta 3 urteko mutikoak, berriro elkartzeko aukera.