argia.eus
INPRIMATU
Aitziber Berrueta: “Espainiako gobernu batek gizartea berotu zuelako hil zintuzten aita”
  • Angel Berrueta eta Kontxi Sanchiz oroitu zituzten atzo Iruñeko Donibane auzoan, haien heriotzaren 15. urteurrenean. Espainiako polizia batek eta bere semeak hil zuten Berrueta, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuetatik bi egunera, gizonak bere okindegian ETAren aurkako kartel bat jarri nahi izan ez zuelako.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko martxoaren 14a
Angel Berrueta omendu zuten bere hilketaren 15. urteurrenean. (Arg.: X. Letona)

Kontxi Sanchiz egun bat beranduago hil zen Hernanin, Berruetaren hilketagatik protestan parte hartu zuen manifestazioan bihotzekoak jota, Ertzaintzak egindako karga baten testuinguruan.

Familiaren aldetik, Mari Carmen Mañas Berruetaren alargunak gogora ekarri zituen senarrak okindegian hilzorian bizi izan zituen azken uneak eta biziki eskertu zituen hamabost urte hauetan senideen, lagunen eta auzoaren aldetik jasotako elkartasuna eta sostengua. Ekitaldian ziren Kontxi Sanchizen senideentzat ere izan zituen esker oneko hitzak.

Angel Berruetaren familia, erdian emaztea, Mari Carmen Mañas. (Arg.: X. Letona)
PPko gobernuaren bultzada

Berruetaren alaba Aitziberrek hitz egin zuen ondoren: “Kaixo Aita. 2004ko martxoaren 13a, gure bizitzako egunik txarrena. Hil zintuzten. Hil zintuzten, Espainiako gobernu batek gizartea berotu zuelako martxoaren 11ko atentatuak ETAk egin zituela esanez. Garrantzitsuagoa zen hori, atentatuan hildako pertsona guztiez arduratzea baino. Besarkada bat M11ko atentatuen biktimen 191 familientzat”. Bere aitaren hiltzaileei emandako zigorra –19 eta 15 urte– Altsasuko gazteei emandakoarekin – 13 urtekoa handiena– erkatu zuen; Altsasuko gurasoak ikustean aita-amak beren seme atxilotuen alde egindako borrokarekin gogoratzen dela esan zuen, eta horren haritik, Gurasoak elkarteak egindako lana goraipatu zuen, besteak beste “ bere ama etengabe babestu dutelako”.

Instituzioen babesa

Musikariek, zanpantzarrek, txalapartak eta dantzariek berotu zuten hala moduz arrats hoz eta euritsua. Ehunka herritar izan ziren omenaldian eta baita zenbait agintari eta alderdi politikoetako ordezkari ere, besteak beste, Ainhoa Aznarez foru legebiltzarreko lehendakaria eta Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Patri Perales zinegotzia; han ziren, halaber, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetzarako zuzendaria, Unai Uhalde EAJko nafar buruzagia edo Laura Perez Orain Baiko parlamentaria.

2015eko aldaketa instituzionala gauzatu arte, UPNren Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak auzokideen arteko liskartzat jo zuten hilketa, eta inoiz ez ziren familiarengana zuzendu, ordurako polizia eta semea zigortu zituen epaiak “motibazio ideologikoa” hilketaren zio nagusi izan zela baieztatua bazuen ere. 2014ko martxoan Angel Gogoan Plataforma saiatu zen Iruñeko Udalak onar zezan hilketan motibazio politikoak izan zirela eta Donibanen omenezko plaka bat jartzea. Bilduk eta Nafarroa Baik bakarrik onartu zuten mozioa, eta eskaera ez zen aurrera atera.

Bideoa Ahotsa.infok argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu duela CC by-sa lizentzia baliatuta