Ostiralean 25 urte beteko dira Ricardo Guerra faxistak Aitor Zabaleta Realeko jarraitzailea hil zuenetik. Zabaletaren oroimenez eta faxismoaren aurka, manifestazioa antolatu du Bultzadak Donostian.
25 urte beteko dira 1998an Ricardo Guerra izeneko faxista batek Realeko jarraitzailea Madrilen labankadaz hil zuenetik. Zabaleta oroitzeko eta faxismoaren aurka protesta egiteko manifestazioa deitu du Bultzadak ostiral iluntzerako, abenduak 8, 19:00etan Donostiako Boulevardetik.
Madrilen hil zuten donostiarra, Realaren eta Athlético Madrilen arteko futbol partida bat ikustera joan zenean. Norgehiagokaren aurretik, estadiotik gertu zegoen taberna batera joan ziren Realako hainbat zale, tartean, Zabaleta bera. Heldutakoan, Athlético de Madrileko Bastión zaleen talde faxistako kideak inguruetan zebiltzala ohartarazi zieten. Faxistak zale txuri-urdinen aurka oldartu ziren, eta gehiengoak ihes egitea lortu bazuen ere, Zabaleta harrapatuta geratu eta labankada eman zion Guerrak bihotzean. Handik ordu gutxira hil zen gazte donostiarra.
Hiltzaile faxista ordu gutxira atxilotu zuten. Espainiako Futbol Ligak ez zuen futbol partida bertan behera utzi.
2000. Urtean epaiketa egin eta hamazazpi urteko espetxealdira zigortu zuten. Gaur egun, hirugarren graduan dago.
Egun berean, Bultzada taldeak Aitor Zabaletari buruz egin duen dokumentala sareratuko dute. “Oroimenari eutsi eta belaunaldi berrietara mezua zabaltzeko", 1998ko egun hura gertutik bizi zutenei hitza eman diete, Irutxuloko Hitzan jaso dutenez. Ikus-entzunezko honek esparru askotarikoko pertsonen parte hartzea izan du, hala nola: Aitor Zabaletaren anaia, Izar Peñako kideak, jokalari ohiak, Amets Arzallus, Fermin Muguruza, eta abar”, azaldu du Bultzadak.