argia.eus
INPRIMATU
Aitor Urrutia legebiltzarkideari software librearen gaineko formakuntza komeni zaio
  • Hezkuntzan Librezale taldearen agerpena izan zen Eusko Legebiltzarrean joan den astean, eta talde horren partaideek hitza hartu ondoren, batzordekideen txanda zen. EAJko taldeko Aitor Urrutiak, software libreaz askorik ez duela ulertzen agerian utzi zuen. Software libre guztia doan dela uste du Urrutiak. 2021eko beste agerpen batean, segurtasunik gabeko softwarea zela esan zuen. Bada garaia pixkat ikasi, formakuntza saioren bat, mintegiren bat, norbaitek eman diezaion Urrutia legebiltzarkideari.

Sustatu 2022ko maiatzaren 30

Adibidez, Enpresa Digitaleko jardunaldi hau ez litzaioke gaizki etorriko Eusko Legebiltzarreko ordezkariari, euskal industrian software librea nola erabiltzen den jakiteko. Urrutiak esandakoak entzuteko, Jokin Lacalle hezkuntza digitalean adituak Twitterren jaso zuena.

Urrutiak ingelesezko free-dohainik eta free-aske terminoak nahasten ditu, batetik, eta bestetik, software librearen osagarri batzuk izan daitezke dohainik, eta hala ere haiek garatzen eta instalatzen lan egiten dutenek beren tarifak kobratu eta bizibidea irabazi (Euskadiko Software Libreko Enpresen elkartea hor dago, enpresa komertzialak dira). Software libreak kobratzen ez duena da lizentzia, erabilpen hutsagatiko tarifa bat, eta software libreak gainera jabetza ziurtatzen dio bezeroari; software pribatiboko tresna batzuekin gertatzen ez dena, John Deere traktoreekin gertatzen den bezala, pentsatuko baituzu traktorearekin erosi duzun softwarea zeurea dela, traktorearen gurpilak bezala; baina ez, John Deerek uste du softwarea berea dela eta traktoreak nola funtzionatu behar duen software horren bidez berak kontrolatu behar duela.

Tira, bi adibide besterik ez, ikasiz gero ulertu daitezkeenak.

Urrutiarenak izandako erreakzioen artean, berak aipaturiko softwarearen (Wordpress: ez zekien software librea zenik, eta hortik gero ondorio absurdoak, pluginak eta zerbitzuak saltzen direnez Wordpressekoak, nola litekeen hori librea izan) euskaratzaileetako baten erantzuna, Mikel Larreategi programatzailearena: "...Ordukoa errepikatzen dut: gomendioa egiten diot software librearekin, software librea egiten eta euskal herrian lan egiten duten enpresa txiki eta ertainekin hitz egiteko. Benetan kontua zertaz doan jakingo zenuke. Seguraski zuk zerorrek ere software librea darabilzu egunero eta enteratu ere ez zara egin".