argia.eus
INPRIMATU
Aitor Garmendia argazkilaria World Press Photo sariketako hautagai
  • Aitor Garmendia argazkilariak lortu du tokia egitea World Press Photo fotokazetaritza sari ospetsuen zerrendan. Espainiako Estatuko txerri haztegietan egindako argazki sortak eraman du hautagaietako bat izatera. Saritua izan daitekeen fotoerreportajeak ARGIAren eskutik ikusi zuen argia lehen aldiz.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko martxoaren 12a
Argazki-erreportajeko piezetako bat (Argazkia: Aitor Garmendia)

World Press Photo erakundeak urtero antolatzen du fotokazetaritza alorrean esangura handikoa den Word Press Photo sariketa, urteko irudi onenak saritu asmoz. Aurten 64. edizioa burutuko du, eta apirilaren 15ean emango ditu ezagutzera aurtengo sariketako garaileen izenak. Asteazkenean argitaratu zuten aurtengo sarietarako izendatutako kazetarien zerrenda, eta 45 izenen artean dago Aitor Garmendiarena.

Sariketako hautagaiak zortzi kategoriatan sailkatuak daude, eta Ingurumen kategoriako sarirako hautagaietako bat da Garmendia, Espainiako Estatuko txerri haztegietan egindako argazkiekin osatutako fotoerreportajearekin.

Lana 2019 eta 2020 urte artean osatu zuen, eta horretarako animalien eskubideen aldeko ikertzaile talde batekin –anonimotasuna gorde nahi izan dute pertsona horiek, jazarpen arriskua medio– Aragoi, Gaztela-Mantxa eta Gaztela eta Leongo hogeita hamar txerri-ustiategi baino gehiagotan sartu zen kamararekin. Helburua: animalien ustiapen industrialaren baitan gertatzen diren abusuak dokumentatzea, errealitate horren berri emateko.

Lana ARGIAren bitartez argitaratu zen lehenbizikoz. Hemen dago eskuragarri.

Garmendia pozik agertu da sariketarako hautagai izateaz. Eitb-ri adierazi dionez: “Animalien esplotazioak –eta ez naiz ari animalien aurkako tratu txarren kasu jakin batzuez, baizik eta esplotazio sistematiko eta instituzionalaz– nekez aurkitzen du bozgorailurik hedabideetan. Beraz, aitorpen garrantzitsua da hau, ez bakarrik gaiarentzat beretzat, ezpada itzalpean haztegiak eta hiltegiak ikertzen diharduten pertsonentzat”.