Asteartean PSOEk eta Unidas Podemosek Espainiako Gobernua osatzeko akordioa sinatu zuten, baina bi alderdi horien batura ez da nahikoa inbestidura ziurtatzeko. Nola jokatuko du EAJk Madrilen dituen zazpi diputatuekin? Aitor Estebanek ez du gauza askorik argitu oraingoz.
Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak deitoratu du PSOE eta UPren arteko akordioa posible izateko 1,5 milioi boto eta Senatuko gehiengoa galdu behar izan izana, baita Vox-en gorakada ere. Gainontzean, ez du aurreratu zazpi diputatu jeltzaleek Pedro Sanchezen inbestiduran izango duten jarrera, baina nabarmendu du "arduratsuak" izango direla, egonkortasuna eta elkarrizketa eskatu duten kanpaina baten ostean.
EAJk ez zuen Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen arteko elkarrizketen berri, baina akordioa sinatu ostean Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak Estebani deitu dio, honek Sabin Etxean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez. Orain, Sanchez haiengana zuzentzea espero dute jeltzaleek, akordioaren oinarria zabaltzeko eta inbestidurarako babes nahikoa lortzeko. Andoni Ortuzar alderdiko presidenteak dagoeneko adierazi du zentsura mozioaren gehiengoak izan behar duela oinarria.
"Ziur akordio asko lor ditzakegula", aurreratu du Estebanek, baina kritiko agertu da, EAJk duela urte askotatik egin duen bezala, Unidas Podemosen proposamen "generikoekin". Halaber, etorkizuneko Gobernuak Kataluniako nazioa eta Euskal nazioa Espainian egoki barneratzeko pausoak eman ditzala eskatu du.
Estebanek adierazi du etorkizuneko negoziazioak diskretuak izango direla, ez dituztela zuzeneko emanaldien bidez kontatuko. "Hitz egin behar dugu. Ezin dizut esan zer egingo dugun. Ikusiko dugu ", esan die kazetariei.