argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintzak Aitor Esnaola presoari emaniko tratu txarra salatu dute
  • Aita hil eta gero, Legorretako presoak sendiarekin egoteko baimena eskuratu zuen. Lagunen esanetan, behin herrira helduta bost orduz izan zuten polizia autoaren barruan loturik, eta senideekin bost minutuz bakarrik egoteko aukera izan zuen.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 21
Maiatzean gaixorik zegoen aita bisitatu zuen Esnaolak. Argazkia: @jpermach.

Aitor Esnaola euskal preso politikoaren lagunek Ertzaintzak legorretarrari emandako tratua salatu dute Berriari bidalitako gutun batean. Duela egun batzuk, presoaren aita zendu zenez, Esnaolak hurbileko senideekin egoteko baimena eskatu zuen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak eskaera onartu zuen.

Ohiko prozedurari jarraiki, Esnaola Arabako Zaballa espetxera ekarri zuten lehenik. Presoaren lagunen esanetan, behin Zaballan, "Epaile Zentralak ebatzitako autoa bere osotasunean betetzea Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailburuaren ardura da".

Auto hori betetzean Esnaolaren eskubideak urratu zituztela salatu dute lagunek: “Astelehenean Aitor bere aitaren hileta elizkizunetara ekarri ez eta kotxe barnean bost orduz gatibu izan zuten, loturik, herriko bazter batean. Eusko Jaurlaritzak eta bere Ertzaintzak ez zituzten Aitorren eskubideak bermatzeko behar ziren neurriak behar bezala hartu eta, ondorioz, Aitor bost minutuz bakarrik egon zen bere senitartekoekin”.

Esnaolaren lagunen irudiko, Eusko Jaurlaritzaren portaerak berez “ankerra” den sakabanaketa politikaren “ondorio lazgarrienak agerian utzi ditu”. Gisa horretako jarrerek normalizazio politikoa oztopatzen dutela ere salatu dute.

Maiatzean bisitatu zuen aita Esnaolak

Esnaolaren aita aspaldi zegoen gaixorik. Maiatzaren amaieran, familiaren baserrian aita bisitatzeko aukera izan zuen presoak. Gainontzeko senide hurbilak ere agurtzeko aukera izan zuen. Bisitatik bueltan, errepidea oztopatzen zuen ardi artaldearekin egin zuten topo Ertzaintzaren autoek. Ertzaintzak sirenak piztuta saitu ziren bide egiten, eta zenbait herritar identifikatu zuten.