argia.eus
INPRIMATU
Aitor Arregiren “Zarautzen erosi zuen” garaile Lekeitioko Zine Bilera indarberrituan
  • Aitor Arregik arlo profesionaleko zuzendari eta film onenaren sariak eskuratu ditu aurtengo 37. Euskal Zine Bileran, Zarautzen erosi zuen pelikulari esker. Arlo amateurrean, Unai Garateren Ordu erdi izan da irabazlea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko abenduaren 01
Sarituak, amaiera ekitaldian. (Arg: Gari Garaialde / Bostok Photo)

Zinemaz gain, antzerkia, dantza eta kabareta uztartu dituen amaiera ekitaldian, Nestor Basterretxea artista omendu dute. Banatutako beste garaikur batzuk honakoak izan dira: zuzendari amateur onena, Aitor Gametxo (Bere bizitzetako bat); ekoizpen onena, profesionaletan Kote Camachoren Don Miguel eta amateurretan Ainhoa Garciaren Anonymous; gidoi onena, Kepa Errasti profesionaletan (Aitona Mantangorria) eta Joxeak Coyak amateurretan (Ataraxia); argazki onena, Asier Altunaren Soroa profesionaletan eta Julen Agirreren Oiartzun amateurretan; genero gaiari ongien heldu diona Anonymous; eta Gazte 22 saria, Itsaso Etxebarria (Positibatzea).

Juanba Berasategi buru, Edurne Gonzalez Ibañez, Ramon Agirre, Mikel Losada eta Kontxa Elorzak osatu dute epaimahaia.

Bilera izaera indartzen

Euskal Zine Bilera biziberritzeko antolatzaileek abiatu dituzten ekimenen artean, jaialdiaren bilera izaera indartzea izan da berrikuntza nagusietakoa. Hala, Berbaldia egin zuten klausura egunean. Batetik, pelikula bat bere osotasunean baloratzen laguntzeko, euren ikuspegia eman zuten Begoña del Teso zine kritikariak eta Aitor Arregi eta Ane Muñoz zinegileek. Bestetik, Josu Martinezek hitzaldia eskaini zuen, euskal gatazkak zineman izan duen eta duen lekuari buruz. Hurrengo urteetarako, apustu honetan sakondu eta euskal zinemari eskainitako topagunearen protagonismoa handitu nahi du Lekeitioko Udalak.

Ondorengo argazkietan, Aitor Arregi, Unai Garate eta Ainhoa Garcia saria jasotzen; Mikel Basterretxea Nestorrren semea omenaldiaren unean; eta taldeko argazkia (argazkiak: Gari Garaialde / Bostok Photo).

 

 

 

 

Ikusi Zarautzen erosi zuen film laburraren trailerra:

Zarautzen erosi zuen (Trailer) from Moriarti on Vimeo.