Michele Angiolillo militante anarkistari buruzko liburua idatzi zuen Aitor Arantzabalek kartzelan egon zen garaian. Argitaratzeko erabakia hartu du, eta muntaia auzolanean egingo dute Bergarako gaztetxean elkartuko diren herritarrek.
“Kultura politiko desberdinetatik gatoz, baina gure mugimenduek badute parekotasunik: duintasuna konpromisoa… libre izan nahi eta preso bukatu”, azpimarratu du idazleak Goienari eskaini dion elkarrizketan.
Angiolillori buruzko liburua idazteko ideia aspaldi izan zuen Arantzabalek. Duela hamabost urte hasitako proiektuaren amaiera da, orduan, beste lau gazterekin elkartu baitzen militante anarkistaren gaineko informazioa biltzeko. Koldo Izagirreren laguntza ere nabarmendu du prozesu horretan.
Bertan behera geratu zen idazkera prozesuari 2008an berriro ekin zion, espetxeratu zutenean. Arantzabalen ustez, zailena hori izan da, kartzelan zegoen bitartean dokumentatu eta idaztea. Izan ere, kanpotik fotokopiatutako idatziak jasotzea debekatuta dago.
Muntaketa Bergarako gaztetxean auzolanean egingo dute, geroago Gasteizko Irrintzi inprimategian inprimatzeko. Bi arrazoirengatik erabaki dute hala egitea. Batetik, merkeagoa delako, eta bestetik, Bergarako herriak Angiolillorekin zorra duela uste dutelako eta, horregatik, egokia iruditu zaielako auzolanean egitea.