argia.eus
INPRIMATU
“Aitona dantzaria zen, ni ere aritu naiz eta orain semea eta alaba dabiltza”
  • Zamaltzain, entseinari zein laborari aritua da Joimo Arantzet (Atharrazte, 1974) hainbat maskaradetan. Etxetik jaso du dantza, Zuberoan ohikoa izan den moduan, eta seme-alabei ere transmititu die dantzarekiko maitasuna eta gaitasuna. Etxekoei ez ezik baita inguruko hainbat gazteri ere, dantza irakasle baitabil azken urteetan. Errejent lanak hartu ditu aurtengo maskaradetan, eta azken prestaketekin dabiltza egun hauetan, igandea [urtarrilak 16] gainean baita. Iritsi da urteetako lana plazaratzeko ordua.

dantzan.eus 2022ko urtarrilaren 19a
Joimo Aranzet. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zein da zure lana maskarada hauetan?

Ni irakaslea naiz. Bada urte zenbait dantza taldea muntatzen, irakasten hasi ginela. Errejent gisa ari naiz pixka bat maskarada hauetan aurten.

Maskarada gehiagotan ere parte hartua duzu.

Aurtengoak ez nuke esango nire maskaradak direnik, esan dezaket laguntzaile bezala ari naizela. Bi mila urtean entseinari ari nintzen Atharratzeko maskaradetan jada. Eta baditut beste bizpahiru eginik; Xiberoko ikastoletako ikasle ohiekin eta Alozen ere beste bat.

Pentsatzen dugu ezberdin bizi dituzula aurtengoa eta aurrekoak.

Ba hogei urte edo berrogeita hamar urte izatea ez da berdina! Kar, kar, kar! Dantzari bezala aprobetxatu nuen behar bezala dantzan aritzea. Gero, bigarren maskaradan laboraria izan nintzen, orduan beste era batera gozatzen duzu festa. Eta azkenengo hauek ba begirale bezala bizi ditut gehiago.

Joimo Aranzet
Joimo Aranzet entseinari, Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien maskarada, Hoki-Souta, 2012-04-08. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Datorren astean hasiko dira 2022ko maskaradak. Noiz hasi zineten prestaketekin?

Urriaren hasieran hasi ginen egiazki. Hala ere, kontuan hartu behar da aurreragotik dantza taldearekin ari ginela lanean. Urte batzuk badira dantza taldea muntzen hasi ginela eta horretan ari zarela baduzu buruan maskaradak egin araztea talde horri. Dantzari hauek badira sei-zazpi urte hasi zirela eta nire helburua izan da horiek maskaradak ematea. Heltzen diozu erronkari, eta itxaropena dut hurrengo urteetan ere emango dituztela.

Zenbat gazte elkartu dituzue?

Hogeita hamar bat gazte bildu ditugu, belaunaldia osorik, Atharratzeko eta Alozeko gazte horiena. Kopuru hori behar da, ez da behar gutxiago, ezta gehiago ere. Bueno... gehiago izanez gero hobe, baina kopuru horrekin egin daiteke.

Ze adin dute gazteenek eta zaharrenek?

Gazteenek dituzte hamalau urte eta zaharrenek 29-30 inguru. Gustura naiz gazteria gehitu baitugu. Beltzeriak 25-30 urte ditu eta dantza taldeko gazteenek, kukuilleroek 15-19 urte eta aitzindariek 20-23 urte. Dantzariak ez dira gazte-gazteak eta beltzeria heldu da; seguru beste era batera gozatuko dutela gazteek.

Zuk dantza etxetik jaso duzu eta ondorengoei ere transmititu diezu.

Bai, gure familian betidanik izan dira dantzariak. Aitona dantzaria zen, ni ere aritu naiz eta orain semea eta alaba dabiltza. Aitona zamaltzain aritu zen 1930eko eta 1950eko maskaradetan. 2002koetan semea arituko da zamaltzain eta alaba kukuillero. Kultur arloan hainbat kontu irakasten eta transmititzen ahalegindu dira gure aurrekoak eta gustura daude etxean ondorengoek ere beren bidea jarraitu dutelako.