argia.eus
INPRIMATU
Aitatasun baimena zortzi astetara igotzea erabaki du Espainiako Gobernuak
  • Aitatasun baimena bost astetik zortzi astetara igozeko lege-dekretua onartu du Espainiako Gobernuak. Hurrengo urteetan progresiboki igotzeko asmoa dute amatasun baimenarekin berdindu arte: 2019an 8 aste, 2020an 12 aste eta 2021an 16 aste.

Axier Lopez @axierL 2019ko martxoaren 01

Espainiako Ministro kontseiluak ostiralean onartu du aitatasun baimenaren epea igotzea lege-dekretu baten bitartez. Lan munduan "gizon eta emakumeen arteko berdinatasuna bermatzeko" hainbat neurriren artean, aitatasun baimena 2019an zortzi astetara igotzea erabaki dute.

Eztabaida

Jaio eta lehenengo 6 asteetan derrigorrez hartu beharko du baimena aitak. Hau da, ezingo du amaren baimenaren ostean hasi eta eztabaida sortu du horrek: "Tranpa bat da, ama zaintzailearen eta aita laguntzailearen rolak indartzen dituelako. Ezin dituzu bikoteak behartu baimena batera hartzera, batzuek nahiago dutelako umearen zaintza lehenengo batek eta gero besteak egin, umea eskolaratu aurreko epea ahalik eta gehien luzatzeko", diote Jaiotze eta Adopzio Baimen Berdinen Aldeko Plataformatik. Espainiako Gobernuak argudiatu du ama osatzen den bitartean, aita etxeko lanez eta jardun burokratikoez arduratzea dela neurriaren xedea.

Hauteskunde giro bete-betean eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, onartu du lege-dekretua Sanchezen gobernuak. Aitatasun eta amatasun baimenak berdintzeko neurri hau indarrean sartuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Eta horren ostean, Espainiako Kongresuak berretsi beharko du.