argia.eus
INPRIMATU
Aitaren abizenak lehentasun legala galduko du
  • Espainiako Estatuko lege berriak maila berean jarriko ditu aitaren eta amaren abizenak. Hala, oraindik sor zitezkeen eragozpen juridikoak desagertuko dira.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko ekainaren 30a
Ama eta aita moldatzen ez badira, erregistroko arduradunak erabakiko du umeari zein abizen jarri lehenengo. Argazkia: Dani Blanco.

Inma Ansotegi abokatuak Euskadi Irratiko Faktoria saioan azaldu du lege aldaketa. Haren ustez, ez da aldaketa handia, baina baditu bere ezaugarriak.

Amaren abizena hartzeko aukera badago dagoeneko, baina aitarenak lehentasun legala mantendu du ekainaren 30era arte, hau da, amarena jartzeko aitaren baimena behar zen. Beraz, orain gurasoak ados ez badira jartzen, erregistro zibileko arduradunak hiru eguneko epea emango die ados jartzeko. Halakorik gertatzen ez bada, erregistroko arduradunak berak erabakiko du zein abizen jarri lehenengo umeari. Arduradunak erabakia hartzeko erabiliko duen irizpidea ez batere argia, hau da, umearen interesa hartuko da kontuan. Ansotegi abokatuak galdetzen duena da ea zein diren umearen interesak, izatekotan ere agian umeak nahiko lukeena dela gurasoak ados jartzea. Abokatua beldur da ez ote duen lege berriak arazo gehiago sortuko.  

Legearen beste aldaketa bat da lehen bi abizenak batzeko aukera. Lege espainiarrak gaztelania hartu du kontuan eta horren arabera de preposizioa edo y juntagailua erabiltzeko aukera ematen du. Beste gauza bat da euskaraz nola elkartuko diren bi abizenak. Abokatuaren ustez, gidoia erabiltzea izan daiteke aukera bat. Dena dela, erregistro zibilak oraingoz behintzat ez daude horretarako prestatuta. Abokatuak Gernikako erregistroko adibidea eman du eta hango langileek adierazi diote programa informatikoetan gidoia erabiltzeko modurik ez daukatela, oraingoz behintzat.