argia.eus
INPRIMATU
Aita Santuak barkamena eskatu du “jainkoaren izenean” Amerikan egindako sarraskiengatik
  • Frantzisko Aita Santuak Boliviako Santa Kruz hirira ostegunean egindako bisitan esan du “xumeki” barkamena eskatzen duela Amerikan herri indigenen aurka egindako suntsiketengatik.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko uztailaren 10
Frantzisko Aita Santua Santa Cruzera (Bolivia) egindako bisitan (Argazkia: La Prensa)

“Jainkoaren izenean” indigenen aurkako bekatu asko egin direla esan du Frantziskok. Bere aurreko Aita Santuez gain, CELAMek ere (Latinoamerikako Apezpiku Kontseiluak) Amerikaren aurkako sarraskiak egin zirela onartu du.

Vatikanoak eta Evo Moralesen (Boliviako presidentea) gobernuak antolatutako ekitaldian, apezpikua “sinisdunei eta ez sinisdunei” zuzendu zaie, baita “Jesusen mezua predikatzen duten gotzain, apaiz eta laikoei” ere.

5000 pertsona inguru bildu diren ekitaldian aldaketa klimatikoaren kontra azaldu zen Frantzisko Aita Santua. “Jainkoaren izenean” amalurra defenda dezatela eskatu die, gizateriaren etorkizuna ez baitago elite handien eskumenetan, baizik eta herrien eta beraien antolatze ahalmenaren esku.

Ez da lehen aldia Aita Santuak Hego Amerikan eliza katolikoak egindako sarraskiengatik barkamena eskatzen duela: 1992an, Amerikako konkistaren 500. urteurrenean, Juan Paulo II.ak eliza katolikoaren izenean modu “sotilean” barkamena eskatu zuen, bere arbasoek jasandako oinazengatik. Juan Paulo berak, 2001. urtean barkamen hitzak izan zituen misiolariak Ozeaniako herri indigenen aurka egindako suntsiketengatik.