argia.eus
INPRIMATU
Aita Santua: “Emakumeak Elizaren erabaki guneetan presentzia izan behar du”
  • Franciscus Aita Santuak  sei hilabete inguru daramatza karguan. Denbora hori nahikoa izan du Eliza birmoldatu nahi duela erakutsi eta ohiko diskurtsotik urruntzen diren makina bat adierazpen egiteko. La Civiltà Cattolica aldizkari jesuitak egin dion elkarrizketan esandakoak ekarri ditugu hona:

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 20a
\"Ezin da pobreziaz hitz egin gertutik ezagutu gabe\"

“Gure Elizak denon etxea izan behar du, ez gutxi batzuentzat tokia duen kapera txiki bat. Ezin dugu elizaren unibertsaltasuna mugatu gure kaskarkeria babesteko. Ez hori bakarrik, ezin dugu  ateak irekita dituen Eliza soilik izan, gugandik urrundu denarengana heltzeko bidea ere aurkitu behar dugu, baina horretarako, Eliza uzteko izan dituen arrazoiak ulertu behar ditugu”.

“Norbaitek erantzun guztiak dituela badio, erlijioa onura pertsonalerako darabilen profeta faltsua da. Doktrina gehiegizko obsesioarekin babesten duenak eta iraganera itzuli nahi duenak ikuspegi estatiko eta atzerakoia du. Eta hala, sinesmena beste askoren arteko ideologia bat bihurtzen da”.

“Elizaren irakasgai guztiek ez dute balio bera. Gure lana ez da doktrina multzo bat aurkeztu eta hori bete arazten tematzea. Gure mezua funtsezkoenaren gainean eraiki behar dugu, hori da gehien erakartzen duena”.

“Iraganean, erabakiak modu autoritarioan hartzeak arazoak eragin dizkit, eta bada ultakontserbadoretzat jo izan nauenik. Baina egia esan, inoiz ez naiz eskuindarra izan”.

“Ni ez naiz nor homosexualak epaitzeko”

“Buenos Airesen, mindutako homosexual askoren gutunak jasotzen nituen. Elizak baztertzen dituela adierazten zidaten, baina Elizak ez du hori nahi. Beste noizbait ere esan dut: homosexual bat borondate onekoa bada, eta jainkoa bilatzen badu, ni ez naiz nor hori epaitzeko”.

“Homosexualen aldekoa naizen galdetzen didatenei hala erantzuten diet: Jainkoak homosexual bati begiratzen dionean, bere existentzia maitasunez onartzen du edo kondenatu eta baztertu egiten du? Ezin dugu etengabe hitz egin homosexualitateaz, abortuaz eta antisorgailuen erabileraz. Ezinezkoa da. Nik askotan aipatu ditut eta aurpegiratu egin didate.”

Emakumeak elizan

“Beharrezkoa da tokia egitea emakumeek parte-hartze handiagoa izan dezaten. Baina bide horretan, entzuten ditudan diskurtso gehienak ideologia matxista batetik abiatzen dira. Emakumea ezinbestekoa da Elizarentzat, eta erabaki guneetan ere presentzia izan behar du.”