argia.eus
INPRIMATU
Aita Mari ontziak Sizilian lehorreratzeko baimena jaso du
  • Aita Marik erreskatatutako 102 pertsonetatik bi bakarrik lehorreratu dira Italian, Augusta portuan, laguntza medikoa jasotzeko.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 22a
Argazkia: Salvamento MarĂ­timo Humanitario.

Aita Marik, "babesa" eskatu zien Italiari eta Maltari, baina azken herrialdeak ez zuen onartu erreskate-ontziari "portua irekitzea". Italiako Gobernuak baimena eman zuen Siziliara salbamendu ontzia iristeko. Itsasontzia lehorreratze protokoloa aktibatu zain dago orain Augustan, Siziliako portuan. 

Aita Marik 102 pertsona erreskatatu zituen ostiralean Mediterraneoan, eta ordu gutxira 46 laguneko bigarren ontzi bat aurkitu zuten. Hala ere, segurtasunagatik ezin izan zituzten 46 naufragoak ontziratu, nahiz eta txalekoak banatu eta pateraren egonkortasuna bermatu. Erreskatatutako pertsona taldean zazpi emakumetatik bi haurdun zeuden eta bederatzi hilabeteko haur bat ere bazegoen. Bigarren boteko 46 pertsonek Lampedusara nabigatzen jarraitzea erabaki zuten eta beren kabuz iristea lortu zuten.

Laguntza medikoa jasotzeko bi pertsona lehorreratu dituzte Aita Mari itsasontzitik. Horietako bat behaketan eduki behar izan zuten ontziaren klinikan, "hipotermia-sintomak eta erregaiaren lurrunak arnasteagatik gerta zitezkeen intoxikazioak" zituelako, dirudienez. Gainerako bidaideek tortura-zantzuak dituzte, hala nola oinetan tiroak, ur irakinarekin egindako erredurak eta hausturak, Itsas Salbamendu Humanitarioak dioenez.