Libiako kostaldetik abiaturiko 50 lagun Mediterraneo itsasoaren erdian erreskatatu zituen Aita Mari ontziak, maiatzaren 27an. Italiak porturatzeko baimena eman ostean, Sizilian lur hartu dute astearte goiz honetan eta denak ongi direla ziurtatu dute.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak eman du berria: “50 lagunen lehorreratzea arazorik gabe amaitu da. Covidaren aurkako probak egin ondoren, guztiak negatiboak izan dira. Erreskatatutako pertsonen izenean, mila esker erakunde guztiei, bereziki CNC-ri, lurreratze baimena ahalik eta denbora gutxienean lortzen saiatzeagatik”.
Marokoarrak eta gizonak dira berrogeita hamarrak, tartean lau adin txikiko.
Lehorreratze mekanismo baten beharra
Erakundeak berriz ere gogoratu dio Europar Batasunari migratzaileek eta asilo eskatzaileek lehorreratze mekanismo bat behar dutela, itsasoan erreskatatuak diren unetik, haien eskubideak bermatuak izan daitezen. Halaber, itsasoko bide hilgarria aukeratu behar ez izateko eta euren bizitza jokoan jarri behar ez izateko, bisatu-sistema birformulatzeko ere eskatu dio erakundeak Europar Batasunari, migrazio bide seguruak bermatu aldera.
Mediterraneoan laguntza humanitarioa eskaintzeko helburua duen itsasontzia da Aita Mari, garai batean atunetarako ontzia zena erreskate barku bihurtuta.