Asteazken goizaldean egindako erreskatearen ondotik, 28 pertsona daude Aita Mari ontzi barruan, atzo beste 11 pertsona erreskatatu baitzituzten. Aita Marik ohartarazi du posible dela datozen orduetan erreskate gehiago egotea, itsasoaren egoerak hobera egin baitu.
Bi egunetan bi erreskate egin ditu Aita Mari ontziak Mediterraneoan. Astearte goizaldean hamaika migratzaile erreskatatu zituen hondoratzear zegoen txalupa batetik, eta asteazken goizaldean beste hamazazpi pertsona erreskatatu ditu. Hala, 28 pertsona migratzaile daude momentuotan ontzi barruan.
Ontzian da ETBko kazetari Asier Sanchez, eta Euskadi Irratian emandako azalpenen arabera, asteazken goizaldeko 04:30 aldera jaso dute abisua ohartaraziz 100 pertsona inguru arriskuan zeudela. Kasik bi ordu behar izan dituzte txalupa zegoen tokira heltzeko, eta ordurako Libiako kostazainen ontzira igoak zeuden hainbat migratzaile. Zenbaitek, ordea, uretara jauzi egin dute kostazainen eskuetan amaitzea eragozteko, eta horiek erreskatatu ditu Aita Marik. Berri-ak jaso duenez, libiar jatorridun errefuxiatuak dira txalupan zihoazenak.
SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak Twitter bidez jakinarazi duenez, erreskatatutako pertsona guztiak onik daude; biren egoera egonkortzen ari dira erizainak, baina arriskutik kanpo daude. SMHk zehaztu duenez, 13 ziren txalupan zihoazen pertsonak.
Eguraldi onarekin itsasoratzen den migratzaileen ontzi kopurua igo egin ohi da. Hori kontuan hartuta, Aita Mari ontziak asteartean ohartarazi zuen litekeena dela abisu gehiago egotea datozen orduetan, itsasoaren egoerak hobera egin duenez gero.
Naiz-ek jaso duenez, Italiako Barne Ministerioaren ekainaren 13ko datuei segi, urtea hasi denetik 21.862 migratzaile heldu dira Italiako kostaldera. Iaz baino gehiago, epealdi berean 16.737 zenbatu baitziren.