argia.eus
INPRIMATU
Aita Mari ontziak 47 migratzaile erreskatatu ditu Maltako uretan
  • Alarm Phone izeneko GKEaren deiari erantzunez jo du Aita Marik 47 migratzaile dituen patera erreskatatzera. Hasierako asmoa ez da migratzaileak Aita Marira igotzea, Maltak laguntza bidali arte laguntzea baino.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 14a
Aita Mari itsasontzia artxiboko irudi batean.

Siziliatik (Italia) Pasaiara (Gipuzkoa) bidean zihoan Aita Mari ontzia, Covid-19aren pandemiak erreskate lanak egitea oztopatu baitio. Beraz, zenbait hilabetez Siracusako (Sizilia) portuan egon ostean Euskal Herrirako bidea hartua zuen, izurriteak iraun bitartean Pasaiako portuan ontziaren mantentze lanei ekiteko.

Alarm Phoneren deiak, ordea, bere bidea desbideratu du. Lau ontziren abisua jaso zuen GKE euskaldunak, 250 migratzaile ingururekin guztira; laugarren ontziarekin harremana galdua zuten eta litekeena da itsasoan galduta egotea, 87 pertsonarekin.

Abisua jasotakoan, Maltako Gobernuaren erantzunaren zain gelditu zen GKEa, itsasontzia ez baitago egoerarik onenean, eta beren asmoa Euskal Herrira joatea baitzen. Baina erantzunik jaso ez zutenez, erreskate lanei ekin zien. Aurkitutako ontziko 47 pertsonen osasun egoera aztertu du Maltatik helikopteroz bidalitako mediku batek; horietatik sei lagunek konortea galdu zuten eta emakume haurdun bat dago. Pertsona horiek Aita Marira eramateko baimenaren zain dago itsasontzia, azken datuen arabera.

Apirilaren 13 goizean Maltak migratzaileen artean salbamendu-jakak, ura eta janaria banatzeko baimena eman du. Gainontzeko ontzien erreskateari dagokionez, Aita Mari eztabaidatzen ari da zer egin.