argia.eus
INPRIMATU
Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan
  • Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako Gobernuak. Aurreikusi dute ostiral gauean lehorreratuko direla.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 16a
Aita Mari ontzian erreskatatutako errefuxiatuak, Ravennara bidean. Argazkia: Isa Eguiguren

Mediterraneoan zehar dabil Aita Mari erreskate ontzia uztailaren hasieratik. Igande gauean egindako operazioan 34 pertsona salbatu dituzte. Erreskatatutakoen artean hiru adingabe eta bi emakume haurdun daude, azken horietako bat zazpi hilabeteko. Aita Mari ontziko kideek adierazi dutenez, “denak ondo daude”.

Erreskatea zaildu egin zaiela azpimarratu dute. Batetik, gauez egin dutelako, eta, bestetik, hiru itsasontzi libiar azaldu direlako, tripulatzaile kaputxadun eta armadunekin. Egoera horrek “tentsio momentuak” eragin dituztela aitortu dute, pertsona batek uretara salto egin baitu. Dena dela, lortu dute berriro ontzira igotzea.

Simon Vidal Aita Mari ontziko kapitainak ebakuazioarekin jarraitzeko agindu duenean, Libiako hiru itsasontzi horietako batek alde egin du, eta beste biak erreskateari begira gelditu dira. Salbamendua bukatu denean ontzi horietako pare bat gizon errefuxiatuek hutsik utzitako ontzira sartu dira eta ontzia eraman dute. Itsas Salbamendu Humanitariokoek azaldu dute mafiek ontziak berreskuratzeko egiten duten praktika bat dela.

 

Lehorreratzea Ravennako portura

Italiako Gobernuak Ravennako portua ezarri dio Aita Mari ontziari lehorreratzeko. Erreskatea Libian izan da, eta Ravennako portua 870 itsas miliatara dago. Aurreikusi dute ostiral gauean iritsiko direla bertara.

Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek salatu dute Italiako Gobernuak jarraitzen duela “munduko itsas biderik hilgarrienetako batetik” salbamendu itsasontziak urruntzeko ahaleginak egiten. Iradokizun horri gehitu diote Europak finantzatzen dituenez Libiako kostazainak, erreskateak errazago egiten lagundu beharko luketela.