argia.eus
INPRIMATU
Aita Mari ontzia Pozallon lehorreratu da
  • Lur hartu dute barruan zioazen 78 migratzaileek, eta orain horiek herrialdeka banatzeko prozesua abiatuko da. Open Arms ontzia ere lehorreratu da Taranton (Italia).

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 26a
Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH)

Ostegunean erreskatatu zituen 78 migratzaile Aita Mari ontziak, eta asteartean lortu dute Europara iristea. Astelehenean jaso zuen Italian lehorreratzeko baimena, baina itsasoa zakar zegoenez, ezin izan du asteartera arte porturatu.

Sizilia uharteko Pozallon ainguratu dute ontzia. Bertan zetozen 78 migratzaileetatik 13 adin txikikoak dira, eta haurdun bat ere bada tartean. Hainbat dira osasun egoera kaskarrean porturatutakoak.

Italian lur hartu duten honetan, laster hasiko da migratzaileak herrialdeka banatzeko prozesua. Espainiak, Frantziak, Italiak, Alemaniak eta Maltak migratzaileak hartuko dituztela, hitza eman dute. Eusko Jaurlaritzak ere agertu du horietako zenbait hartzeko konpromisoa, nahiz eta ez zehaztu zenbat.

Aita Mari ontziarekin elkarlanean ari den Open Arms ontzia ere asteartean lehorreratu da, Italian hau ere, herrialdearen hegoaldeko Tarantoko portuan. 73 pertsona zeramatzan barruan, baina astelehenean horietako hamaika atera behar izan zituzten, “premiazko ebakuazioan”.