172 migratzaileak Salernon utzi ondoren egindako azterketen ostean salatu dute Aita Mari itsasontzia Italiako agintariek. "Mediterraneoan ematen duen laguntza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera" salatu dute Aita Mariren arduradunek.
Itsas Salbamendu Humanitario (SMH) GKEren Aita Mari ontziaren aurkako salaketa jarri dute Italiako agintariek, “itsas segurtasunerako araudia urratzea" leporatuta . EITB Mediak jaso duenaren arabera, salaketa kapitainaren kontrakoa da, eta baimendurik zutena baino jende gehiago garraiatzeagatik izan daiteke.
“Argi daukagu flota zibilak Mediterraneoan ematen duen laguntza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera dela”, esan dute SMHko kideek salaketaren inguruan. Elkartearen abokatuak jada lanean ari direla azaldu dute.
Aita Mariko kapitain Simon Vidalekin atestatua egitera igo dira itsas kostazainak, ontziaren osasun-baldintzen inguruko azterketa egiteko, 172 migratzaileak Salernoko portuan utzi eta gero. Salernoko portuan bertan, Giancarlo Conticchio prefektuak azaldu du migratzaileetako batzuk Salerno probintzian hartuko dituztela, eta gainerakoak Campania eskualdeko beste probintzia batzuetan.