argia.eus
INPRIMATU
Aita Mari itsasontzia Mediterraneora itzultzeko prest
  • Pandemiaren ondorioz aurreikusita zituenak baino erreskate gutxiago egin ahal izan dituen arren, 202 migratzaile erreskatatzea lortu du ontziak 2020an. 

     

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 23a
Argazkia: euskadi.eus

Aita Mari arrantza-ontzia konponketa eta mantentze lanak amaituta, prest dago Mediterraneoan etorkinen ontziei laguntzeko. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak itsasontziko tripulazioa bisitatu du. Uztailetik dago Pasaiako portuan, bertan egin baititu konpontze eta mantentze lanak. Artolazabalek Mediterraneoko proiektuaren interes "urgentea, soziala eta humanitarioa" nabarmendu du. 

202 migratzaile erreskatatu dituzte aurten

Pandemiaren ondorioz, aurreikusita zituzten sei misioetatik bat baino ezin izan dute bete, eta urtarrila eta otsaila bitartean egin zen. Nabigaziorako aurreikusitako 180 egunetatik 36 egin ditu; eta 69 egun portuetan. Lehen misioa otsailean burutu zen, Aita Marik bi ontzi aurkitu zituen noraezean, bat gomazkoa 93 pertsona zituena, eta bestea zurezkoa, 65 lagun zeramana. 90 gizon, 17 emakume (horietako hiru haurdun) eta 51 adingabe (horietatik 39 bakarrik zeuden) erreskatatu zituzten. Denak Italiako Mesina herrian lehorreratu ziren. 

Misio horrez gainera, itsasontzia Pasaiarantz abiatu zenean, Aita Marik beste txalupa bat erreskatatu zuen; bertan 44 pertsona zihoazen eta, gutxienez, emakume bat haurdun eta zenbait adingabe. Pertsona horiek Italiako Gobernuak gaitutako ferry batean eraman zituzten.