argia.eus
INPRIMATU
Aita Mari erreskate ontzia gelditu du Italiako portuetako agintaritzak, itsasontziaren irregulartasunak argudiatuta
  • Palermon (Sizilia, Italia) porturatuta zegoela joan zitzaizkion kostazainak Aita Mari ontziari, araudia betetzen zuen edo ez aztertzera. Irregulartasunak dituela eta konpondu arte bertan gelditu beharko duela adierazi diote itsasontziari. Kostazainek egindako azterketak “ohikoak” direla argudiatu dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 07a
Aita Mari itsasontzia. Argazkia: El Diario Vasco.

Tratu bera jaso du Alan Kurdi Sea Eye GKEaren erreskate ontziak. Bi ontziak apiril hasieratik daude Mediterraneoan, bi asteko berrogeialdia bete behar baitute Italian lehorreratu aurretik. Maltak, ordea, portuak itxi zizkieten, "koronabirusetik babesteko". 40 migratzaile daramatza Aita Marik, 146 Alan Kurdik.

Poliziek araudia betetzen dutela argudiatu dute, eta bi itsasontziek, dauden baldintzetan, arriskuan jartzen dituztela eskifaiaren eta pertsonen segurtasuna. Azpimarratu dute egindako azterketak ohikoak direla atzerriko bandera duten itsasontziak porturatzen direnean.