argia.eus
INPRIMATU
450.000 heriotza goiztiar eragiten ditu aireko kutsadurak urtero Europar Batasunean
  • Azken hamarkadetan hobekuntzak izan arren, Europa urrun dago oraindik gizakiei eta ingurumenari arrisku onartezina ekarriko ez dien aire kalitatea erdiesteko.  

Unai Brea @unaibrea2 2014ko azaroaren 20a
EBko araudiak ezarritako hainbat kutsatzaileren gehienezko kopurua askoz handiagoa da OMEk gomendatutakoa baino (Argazkia: AP).

Esaldi gogor horrekin hasten da azaroaren 19an kaleratutako Europako aire kalitateari buruzko 2014ko txostena, ez talde ekologista temati batek argitaratua, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) baizik. Adierazi dutenez, aire kutsatuak 450.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtero EBn.

EIAren txostenak bat egiten du talde ekologista batzuek –temati– azken urteetan maiz esan duten zerbaitekin: EBk ezarri dituen zenbait kutsatzaileren mugek ez dute segurtatzen herritarren osasunaren babesa.

Izan ere, europar araudiak hainbat substantziaren kasuan onargarritzat jotzen dituen gehienezko kopuruak askoz handiagoak dira Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutakoak baino.

Batzuek eta bestek jarritako langaren arteko aldea nabarmena da, esaterako, PM 2,5 izeneko partikula txikiei dagokionez.

Hain zuzen, EIAren txostenak dio partikula horiek direla europar airean dauden  kutsatzaile guztietan arriskutsuenetakoak. Gainera, azken urteetako ikerketen arabera, eragiten duten kaltea uste zena baino handiagoa da.

Besteak beste, PM 2,5 partikulan luzaroan arnasteak harreman zuzena du bihotzeko eta arnas aparatuko gaitzek eragindako heriotza goiztiarrekin.

Hala ere, EBren araudiak onartzen duen partikula horien proportzioa 2,5 aldiz handiagoa da OMEk gomendatzen duena baino.

Eta antzera gertatzen da beste zenbait kutsatzaileren kasuan. Ondorioa da Europako hirietan bizi direnen %98k kutsatutako airea arnasten duela, legearen barruko airea izanagatik. %30, berriz, gutxienez substantzia baterako legeak ezarritako muga ere gainditu den lekuetan bizi da.