Atmosferara jaurtitzen diren kutsatzaile nagusien mugak zorrozteko lege-proiektua onartu du Eurolegebiltzarraren osoko bilkurak, azaroaren 23an Estrasburgon egindako saioan. Hala ere, onartutako proposamena hasiera batean Europako Batzordeak egindakoa baino ahulagoa da. Aireko kutsadurari buruz “behingoz” araudi ausarta ezartzeko aukera galdu da, proiektua gaitzetsu dutenen aburuz. Testuak 499 aldeko boto jaso du, eta 177 aurkako.
Onartutako dokumentuak zenbait kutsatzaileren emisioetarako muga baxuagoak ezartzen ditu 2030erako. Europako Kontseiluaren (estatu kideetako gobernuek osatua) onespena beharko da orain, baina ez da oztopo handirik espero alde horretatik, kutsatzaile kopuruei ipinitako langa berriak dagoeneko informalki adostuak izan baitira Kontseiluarekin.
Europako Legebiltzarraren arabera, proposatutako murrizketek kutsadura atmosferikoa europarren osasunarengan duen eragina %50 gutxituko dute 2030era bitartean. Haatik, Parlamentuko zenbait talderen ustez lege proiektua ez da behar bezain handinahia. Kontuan hartu behar da aireko kutsadurak urtero 400.000 heriotza goiztiar eta ehunka milioi euroko kosteak eragiten dituela (2010eko datu ofizialak).
Dokumentuari kritikatu zaizkion gabezien artean, aipatzekoa da ez dituela emisioen mugak bateratzen Osasunaren Munduko Erakundeak segurutzat jotzen dituen balioekin. Beraz, gehienezko isurketek, mugatu arren, balio horien gainetik egoten segituko dute substantzia gehienen kasuan. OMEk dioenaren eta europar legediak ezartzen duenaren arteko alde hori maiz kritikatu dute ekologistek eta gizarte zibileko beste elkarte batzuek.
Bestalde, onartu berri den testuaren puntu batek dio EBk konpromisoa hartuko duela diesel autoen emisioen neurketetan atzemandako irregulartasunak konpontzeko. Irailean Transport & Environment GKEak argitaratutako txosten baten arabera, automobil marka guztiek aise gainditzen dute legediak ezarritako muga hainbat substantziaren emisioei dagokienez, kasu batzuetan kopuruak biderkatzeraino.