argia.eus
INPRIMATU
Airearen kutsadura “jasanezina” dela salatu du Lezoko herritar talde batek
  • Duela bi aste Pasaiako Portuan agintari nagusiei errautsak bota zizkien laguna defendatu dute, errauts hori herritarrek egunero irensten duten zati “nimiño” bat dela esanaz. Larunbatean elkarretaratzea egin zuten Lezoko udaletxearen aurrean, eta sinadura bilketa abiatu dute.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 05

Gipuzkoako, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkari politikoak, Pasaiako badiako Trintxerpe eta Herrera auzoetan izan ziren azaroaren 21ean, biak batzen dituen pasabidearen irekiera ekitaldian. Herritar batek errautsak aireratu zituen –porlana zela zabaldu zen– politikarien ondoan, egunero jasaten duten kutsadura salatzeko.

Portuko Agintaritzako Lehendakari Felix Garciandiak herritarra “modu bortitzean” eraso zuela azaldu dute Lezoko bizilagunek. Irudietan ikusten da Garciandiak ostikoz jotzen duela ekintzailea. Ondoren, segurtasun agenteek gizona indarrez atzeman eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen. Garciandiaren jarrera “onartezina” dela esan dute, eta dimisioa aurkeztu beharko lukeela.

Lezoko bizilagun taldeak pasabidea herritarrentzat beharrezkoa dela dio, baina helburu nagusia Pasaiako Badiaren “biziberritze integrala” dela gogorarazi du. Egunerokotasunean horrelako kutsadura jasatea “ezinezkoa” dela esan dute. Hori dela eta, larunbatean euren haserrea adierazi eta sinadura bilketa hasi zuten. Bizilagunei "entzutea" eskatu diete agintari nagusiei.