argia.eus
INPRIMATU
Airearen kutsadura jaitsi egin da Europan koronabirusaren krisiarekin
  • Europako Agentzia Espazialak (ESA) irudiak zabaldu ditu, iazko martxoan eta aurtengoan airean dagoen nitrogeno dioxidoa alderatuz. Irudiek kutsaduraren “murrizketa nabarmenak” erakusten dituzte.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 01
Frantziako Estatuko NO2 kutsadura alderaketa (2019 eta 2020ko martxoa). Irudia: ESA.

Copernicus Sentinel-5P sateliteak hartu ditu irudiak, eta ESAk argitaratu ditu emaitzak: “Copernicus Sentinel-5P sateliteak airearen kutsadura mapeatu du berriki Europan eta Txinan, eta berrogeialdiko neurri zorrotzekin bat eginez nitrogeno dioxidoaren (NO2) kontzentrazioetan beherakada nabarmena agerian utzi du,”. NO2a ibilgailuek eta industriak igortzen dute gai kutsakor garrantzitsuenetarikoa da.

Ikerketa Herbehereetako Errege Meteorologia Institutuko (KNMI) zientifikoek gidatu dute. Iragan martxoko batez besteko kutsaduraren mapa eta aurtengo martxoaren 14 eta 25 arteko batez bestekoa alderatu dituzte. "Nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioak egun batetik bestera aldatzen dira, kliman izandako aldaketen ondorioz. Ezin dira ondorioak atera egun bakarreko konparaketarekin", azaldu du KNMIko bozeramaile batek. Emaitzak fidagarriagoak izateko aldagai gehiago hartu behar da kontuan, eta horretan ari dira KNMIko kideak munduko zientzialari gehiagorekin batera, baina irudiak edonola ere argigarriak dira.

Arriskuak badirau

Ez da lehen aldia koronabirusaren krisiak kutsaduran izan duen ondorio onuragarria azaleratzen dena. Hala ere, Urko Apaolazak ARGIAn jaso duen bezala: “Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du horrek ez duela berez aldaketa klimatikoa mantsotuko, karbono dioxido maila iazkoa baino altuagoa baita oraingoz. Areago, behin osasun larrialdia igarota CO2 isuriak izugarri igoko diren beldur da erakunde hori, 2008ko finantza krisiarekin gertatu zen bezala”.

Espainiako kutsaduraren alderaketa interaktiboa, hemen ikusgai.

 

 

Italiako NO2 kutsadura alderaketa (2019 eta 2020ko martxoa). Irudia: ESA.