argia.eus
INPRIMATU
Aire zabalean maskara berriz derrigorrez erabiltzeko dekretua onartu du Espainiako Gobernuak
  • Hego Euskal Herrian maskara berriz derrigorrez erabiltzeko dekretua onartu du Espainiako gobernuko Ministroen kontseiluak ostegun arratsaldean. Dekretuak hainbat nabardura egiten ditu erabileraren inguruan, aditu, herritar eta oposizioko hainbat alderdiren partetik kritika gogorrak jaso ondoren.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 23a

Ostegun arratsaldean onartu du Espainiako Gobernuak maskaren erabilera aire zabalean berriz derrigorrekoa izateko dekretua, Ministroen Kontseiluaren ondoren. Dekretuak dio "behin behineko" neurria izango dela, baina Carolina Darias Osasun ministroak ez du zehaztu zein izango den epe muga hori.

Testuak nabardura asko dakartza baina. Hala, aire zabalean edo espazio irekietan derigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, ez ordea "kirola bakarka egitean edo naturguneetan kirolekoak ez diren jarduerak egiten diren bitartean, betiere 1,5 metroko gutxieneko distantzia mantentzen bada bizikide ez diren beste pertsona batzuekin".

Maskararen aire zabalean derrigorrez erabiltzeko neurria oso kritikatua izan da hasieratik. Esaterako, unibertsitate arloko hainbat adituren ustez ez da batere eraginkorra izango, eta ez da "irtenbidea", kutsadura aire zabalean baino, espazio itxietan ematen delako ia gehienetan.