argia.eus
INPRIMATU
Airbnb plataformaren ekimen berria: “Gau bat opari Bilbora bidaiatzen duenarentzat”
  • “Tokiko merkataritza berreskuratzen laguntzeko” abiatuko du Airbnb plataformak urriaren 18tik aurrera Lehenengo gaua gure kontura doa ekimena. Estatuko lau hiritan jarriko du abian, Bilbon tarte.

Uriola.eus @uriolaeus Nerea Cubillo Urkizu 2021eko urriaren 08a
SOS Alde Zaharraren ekimena.

Plataformak argitaratutako datuen arabera, Airbnb plataformaren bitartez Bilbon egonaldi luzeak egiteko bilaketak bikoiztu egin dira 2021eko lehen seihilekoan 2019ko datuekin alderatuta. Halaber, bilaketa horien guztien %11a talde edota familia bidaiak izan direla argitu dute.

Aurtengo seihilekoko datu horietan oinarrituta jarri du beraz martxan Airbnb-k aipatutako kanpaina, plataformaren hitzetan “hiriko turismoa areagotzeko eta hiri ertainetako tokiko ekonomia bultzatzen laguntzeko”. Kupoi bakoitzak 100 euroko deskontua izango du, soilik Airbnb-ren egonaldietan erabili ahal izango dena, hauen arabera bezeroek “bertoko denda eta jatetxeetan erabiltzeko aurrekontu handiagoa izan dezaten”.

Pisu turistikoak, txanpon beraren bi aurpegiak

Airbnb plataformaren erabilera datuak ikusi gabe konturatu dira Bilboko Alde Zaharrean azken urte hauetako turismoaren gorakadaz; eta behin baino gehiagotan salatu dute “turismo masibo eta inbasiboaren ondorioak bete betean sufritzen dituztela, bai Alde Zaharrean baita Bilbo osoan ere”.  

Hala eta guztiz ere, Alde Zaharrean batez ere “pairatzen” dituzte turisten egonaldien ondorio zuzenak. Horren harira, pisu turistikoak “edonon” egoteak auzokideen egunerokotasunean eragin zuzena duela azpimarratu du sarritan SOS Alde Zaharra kolektiboak , “lokal eta etxebizitzen prezioen igoera eta kaleko zarata handitzeaz gain, auzoko merkatari txikiak eta hauen lanpostuak alde batera geratzen direlako etengabe”.

Bihotzean Alde Zaharreko auzo elkarteak ere Bilboko Udalari leporatu dio “turistei alfonbra gorria” jartzea,  “auzokiden kexka eta premiak kontuan hartzen ez dituen” bitartean. Turismo masiboaren eraginak salatzeko joan den astean SOS Alde Zaharra kolektiboak auzoko horma ezberdinetan hainbat argazki itsatsi zituen "subida de alquiler" edota "prekarietatea" irakurri ahal zen horietan.