argia.eus
INPRIMATU
Airbnb-k legez kanpoko 1.000 pisu kendu ditu Bartzelonan
  • Bartzelonako Udalak hala eskatuta, Airbnb plataforman iragartzen ziren 1.000 etxebizitza kendu dituzte legez kanpoko pisu turistikoak zirelako.

     

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 16a

Udaleko ekologia, urbanismo eta mugikortasun zinegotzi Janet Sanz-ek adierazi du plataformarekin elkarlan emankorra izaten ari direla legez kanpoko pisuei aurre egiteko. Airbnb bidez “aktibitate turistiko kamuflatua” egiten dela salatu izan dute, eta askotan hamarnaka etxe eskaintzen dituzten enpresak izaten direla.

Urte beten Udalak 6.200 espediente ireki ditu eta 2.300 etxe isteko agindua eman du, eta bide horretan jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute, plataformarekin elkarlanean. 2015ean legez kanpoko pisuen kopurua 7.000 eta 8.000 artekoa zen eta orain 6.000 inguru.

Sanzek azpimarratu nahi izan du pisu turistiko hauek auzoetako elkarbizitza zailtzen dutela eta etxebizitza eskubidea urratzen dela hainbat auzotan. Bizilagunentzat pisu gehiago egon daitezen lanean jarraituko dutela adierazi du.