argia.eus
INPRIMATU
Airbnb eta Bookingek ostatua eskaintzen dute palestinarrei kendutako lurretan
  • Ehunka etxe, hotel edo apartamentu dituzte Israelek Palestinan okupatutako lurretan. Nazio Batuen Erakundeari entzungor egiten diote.
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 08a
Geva Binyarmin-en dagoen luxuzko suite bat, Bookingen topatua Booking

Nazioarteko BDZ mugimenduak (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) bideo bat igorri du sareetara, tonu satirikoan, jardun-turistikoko iragarki bat irudikatzen. Israelek lurralde okupatuetan dituen erakargarri turistikoak zerrendatu ditu, El Salto-n irakur daitekeenez.

Lurralde okupatuetan dauden ehunka ostatu-eskaintzen artean, BDZren bideoak, lehenbizi, "etxe zoragarri bat" aipatzen du, Eli asentamenduan dagoena. Urbanizazio hori, Zisjordaniako, Ekialdeko Jerusalemgo eta Golango Gainetako beste 170 urbanizazio bezalaxe, legez kanpokoa da. Hala esaten du Nazio Batuen Erakundeak, eta AEBek, Europar Batasunak eta planetako herrialde gehienek ere bai.

"Etorri Eli-ra, eta ezagutu sionismoa"

Palestinako As-Sawiya eta Qaryut herrixka desjabetuak, gaur egun, Eli lurralde horretan, Israelen kolonia dira; 5.000 pertsona bizi dira bertan. Israelgo armadarentzat entzutetsua den akademia militar bat dago han, Eliezer Kashtiel eskuin muturreko errabinoak zuzendua, Bnei David izenekoa, zeinetan soldadutzarako prestatzen ari diren gazteei irakasten zaien palestinarrak "genetikoki baxuagoak" direla, eta ezaugarri horrexegatik izan behar dutela "esklabo".

BDZk bideoan esaten duenez, zonalde horretan gutxienez bikoiztu egin dira palestinarren aurkako erasoak eta lur konfiskazioak. Oro har, Zisjordania osoan: 2023ko urriaren 7az geroztik, agintari israeldarrek Zisjordaniako 1.500 espazio edo eraikin suntsitu, eraitsi, eraistera behartu edo konfiskatu dituzte, 3.500 palestinar lekualdatzera behartu, 700 baino gehiago hil, 11.000 atxilotu... Hamar atxiloketatik zortzi, kargu formalik eta epaiketarik gabe egin dira.

Kolonia handietan, ostatu gehiago

Koloniarik handiena da Modi'in Illit. 2008an okupatu zuen Israelek, eta 70.000 kolono bizi dira bertan. Dozenaka ostatu aukera aurki daitezke sarean. Gauza bera gertatzen da Guiv'at Ze'even-en. Azken hori ez da lurralde ofizialki okupatua, baina hiru kilometro eskasera dago Ramallah-tik, Palestinako Aginte Nazionalaren egoitzaren hiriburutik.

Ondorengo argazkian, Guiv'at Ze'even-en eskaintzen den ostatu bat, Airbnb-n.

Edo ikusi ondorengo adibide hau: Geva Binyarmin kolonia israeldarrean, 5.000 pertsona baino gehiago bizi diren lekuan, Jaba eskualdean, luxuzko ostatua eskaintzen du Bookingek. 

Horrez gain, Airbnb enpresak, Golango Gainetan –Siriaren menpeko lurra zen 1967ko gerra arte– ehun bat eskaintza egiten ditu.

Okupazio israeldarra, jarduera-turistikoak lagunduta

Nazioarteak gaitzetsi egiten ditu Israelen asentamenduak Palestinaren lurretan, eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoak, kasurako, lurralde horiek ekonomikoki sustengatzearen aurka hitz egin izan du. Besteak beste dio ez dela "bidezkoa" urbanizazio horiek mantentzen, zabaltzen eta ekonomikoki indartzen dituen enpresa-jarduerak edukitzea.

Baina alferrik da: NBEk "ilegalak" kontsideratzen dituen 170 asentamenduetan, 700.000 israeldar baino gehiago bizi dira, eta asentamendu horietan jarduera-turistikoak atzeman daitezke. Justice Info-n aurki daiteke informazioa.

Ez da Airbnb edo Booking-en kontua bakarrik. NBEk hainbat enpresa gehiago ere seinalatu ditu: TripAdvisor eta eDreams, esaterako. NBEren arabera, aipaturiko enpresak kokagune ilegal horien mantenuaren eta funtzionamenduaren errudun dira, zilegi egiten eta ekonomikoki indartzen dutelako kolonia. Zerrenda bat egina du NBEk: 112 enpresak babesten dute zuzenki okupazioa.

Booking, hain zuzen, Human Rights Watch GKEaren txosten baten arabera, azpiegitura berriak eraikitzearen arduradun printzipaletako bat da. Informazio horren arabera, kolono israeldarren eskuetan geratzen diren palestinarren jabetzak "berreraikitzea" finantzatzen du enpresa estatubatuarrak eta, gero, jardun-turistikoetara bideratu.

Aukera galdua

Bestelako esperantza batzuk zabaldu ziren duela urte gutxi. BDZ mugimenduak abiarazitako kanpainari esker, presioaren eraginez, Airbnb atzera egitekotan zegoen Israelen, nahiz eta AEBetako araudiak baimentzen dion lapurtutako atzerriko lur horietan negozioa egitea.

2018ko azaroan, konpainiak esan zuen Israelek okupatutako lurraldeetan zituen 200 iragarkiak kenduko zituela, "kontzientzia kontuak" argudiatuta. Israelgo orduko Turismo ministroak gogor kritikatu zuen, jarrera "miserablea" eta "koldarra" izatea egotzita.

Linbo batean jarraitu zuen aferak. Bost hilabete iraun zituen: akzio batzar garrantzitsu batean, konpainiak komunikatu berria kaleratu zuen, non ordura arte esandako guztia atzera botatzen zuen. Ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen, helmugen artean ipinita Zisjordania, Jerusalem Ekialdea eta Golango Gainak.