Uztailean onartu zuten legea eta irailaren 5etik aurrera sartuko da indarrean. Etxebizitzak alokatzeko hiriko exekuzio berezien bulegoan izen emanda egotea, hilabetez azpiko egonaldiak legez kanpokoak izatea eta arau-hausteak zigortzea ekarriko du, besteak beste.
Irailaren 5ean sartuko da indarrean New Yorken epe motzeko alokairuak mugatuko dituen legea. Aurrerantzean etxebizitza alokatu nahi izatekotan hiriko exekuzio berezien bulegoan izen eman beharko dute etxe jabe guztiek, ondoren agintariek erregulatu dezaten. Izan ere, bertako udalak legez kanpo alokatu diren 11.000 etxe inguru daudela azaldu du.
Lege berriaren arabera, etxejabeek gutxienez hilabetez alokatu beharko dute etxebizitza, eta horrek erreakzioak eragin dituela azaldu du El Salto hedabideak. Airbnbk dio indarrean sartuko dena epe motzeko alokairuen “debekua” dela, eta turistei “ongi etorriak ez direnaren” mezua zabaltzeko balioko duela.
Airbnb ez ezik, etxebizitzen alokairuaz negozioa egiten duten bestelako enpresei ere eragingo die; Booking eta Vrbori, esaterako. Izan ere, erregistratu gabeko ordainketak egitea legez kanpokoa izango da, nahiko praktika ohikoa dena esparru horretan. Airbnb-k 2022an 85 milioi dolarreko irabaziak lortu zituen epe motzeko alokairuekin New Yorken, azaldu du Forbesek. Estimazioen arabera, aipatutakoa enpresaren diru-sarreren %1 izango litzateke.
Ez lehena ezta azkena ere
New York ez da lehena antzerako neurriak hartzen dituena, Tokyok eta Parísek esaterako neurri ezberdinak hartu dituzte, bakoitza bertako egoerara egokituta. AEBtan ere eredu izaten ari dira New Yorkeko neurri aldaketak, izan ere, Dallas eta Philadelphian ere alokairu turistikoak mugatzen hasiak dira.