argia.eus
INPRIMATU
Airbnb enpresak 1.900 langile kaleratu ditu, plantilla osoaren %25a
  • Pandemiak gogorren jo duen sektoreetako bat izan da turismoa. Denborazkotasunak markatutako sektorea da, eta pandemiak oraingo erreserbak bertan behera uzteaz gain, etorkizuneko negozioak ere baldintzatuko ditu. Gauzak horrela, Airbnb etxeen alokairuko enpresa erraldoiak bere mundu mailako langileen laurdena kaleratu du, gastuei aurre egin ezinda.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 06a
Airbnbren aplikazioa. Argazkia: Vozpópuli.

7.500 langile izan ditu orain arte Airbnb-k mundu osoan. Orain laurdena, 1.900, kaleratu egin ditu pandemiak eragindako egoera kausa nagusitzat aurkeztuz. 2020rako dituzten aurreikuspenak iazkoen erdia dira eta ondorioztatu dute langileen plantillan funtsezko aldaketak egin behar dituztela krisiari aurre egiteko.

Ziurgabetasunez betetako mezua zabaldu du Brian Chesky enpresako zuzendari exekutiboak: “Ez dakigu noiz bueltatuko diren bidaiak, eta bueltatzean desberdinak izango dira”. Lehen egiten zuten guztia orain egitea ezinezkoa dela gehitu du.

Zenbait zerbitzu bertan behera utziko dituela adierazi du, garraio zerbitzuak eta Airbnb Studios adibidez. Lehenengoa bidaiariak alokatutako etxeetara eramateko zerbitzua da; Airbnb Studios berriz, bidaiariak erakartzeko ikus-entzunezko piezen ekoizpena da; leku horiek erakargarri bihurtzeko asmoz sortua. Gainera, plataformak bere luxuzko eskaintzak ere gutxituko dituela adierazi du.

Plantillakoak ez diren langileak

Bere langileen laurdena kaleratu duela adierazi du enpresak; baina lan zama handiena etxeen jabeek eta horiek zaintzen dituztenek jartzen dute. Zazpi milioi etxe baino gehiago eskaintzen ditu Airbnb webguneak, eta etxe horien jabeek eta beren zaintzan dabiltzanek pairatuko dute are zuzenago enpresaren krisia.

Horiek ez dira enpresaren plantillan sartzen, eta beraz, ez dira langabe bezala kontabilizatzen. Baina lanik gabe geratutakoak ez dira 1.900 erregulatu horiek bakarrik izango; etxeak iragartzen dituzten beste zazpi milioi horietako asko ere izango dira. Enpresak 250 milioi dolarreko funtsa iragarri du, erreserbak bertan behera geratu zaizkien jabeei kalte-ordain gisa irabaztea aurreikusi zutenaren zati bat ordaintzeko.