Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte urtarrilaren 22an, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta. Aintzane Pujanarena hasi berria den urteko lehen hilketa matxistatzat hartua izan da.
EMM Emakumeen Mundu Martxak hilketaren harira kaleratutako gaitzespen oharrean adierazi du 2012. urtea gogor hasi dela emakumeen kontrako biolentziari dagokionean. Salatu du biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatzala mundu honetan eta inor ez dela horretaz arduratzen. Gaitza jasateko ez daudela prest eta antidoto bakarra feminismoa dela ohartarazi dute. Osasun krisi garai honetan, harremanak mantentzea inoiz baino zailagoa dela uste badute ere, indarkeriaren aurka borroka egiteko indarra ez dutela galdu adierazi dute.
Pujana, 32 urteko emakume donostiarra, hilik agertu zen urtarrilaren 4an Aizarnazabalgo Etxabe auzoan, Urola ibaiaren ertzean. Haren bikotekideak urtarrilaren 1ean salatu zuen desagerpena. Ertzaintzak burututako ikerketaren arabera, Pujana urtarrilaren 2ko goizaldean hil zuten labankadaz, liskar baten ondotik. Ustezko hiltzaileak Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamenduan biktimarekin bizi ziren bi pisukideak dira, Errenteriakoak biak: 24 urte ditu horietako batek, gizonezkoak, eta 23 besteak, emakumezkoak. Urtarrilaren 12an atxilotu zituzten, eta Martuteneko espetxean daude.
Urtarrilaren 21ean, Pujanaren ustezko hiltzaileen delituen zerrendan bi puntu gehitu zituen Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak: emakumea atxiki eta sexualki esplotatu izana. Epaileak akusazioak irekitzea erabaki zuen Ertzaintzaren frogak jaso eta akusatuei deklarazioa hartu ostean.