argia.eus
INPRIMATU
Tubacex-eko greba
Aintzane Mendiaren absoluzioa: Epaileak agerian utzi ditu ertzainen gezurrak puntuz puntu
  • Beatriz Eva Roman epailearen sententziak ez du zalantzarik uzten. Modu neutroan azaltzen badu ere, Gasteizko Zigor-Epaitegiko kideak argi eta garbi jaso du Aintzane Mendia kolpatu eta atxilotu zuen ertzainaren bertsioak ez duela inondik inora errealitatearekin bat egiten eta muntaia polizialaren susmoa indartu du.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2022ko azaroaren 14a
Amurrioko epaitegiaren aurrean jazotako gertakarien irudi bat. / Aiaraldea.eus

Beatriz Eva Roman epaileak ez du behar izan ezta lau egun ere bere iritzia plazaratzeko Aintzane Mendia Tubacex enpresako langilearen akusazioaren kasuan. Amurrioarra 2021eko ekainaren 17an atxilotu eta lesionatu zuen Ertzaintzak herri bereko epaitegiaren aurrean. Emakumezkoak behin eta berriro azaldu du berak ez zuela ezer egin eta dena muntaia poliziala izan zela, grebalarien borroka kriminalizatzeko.

Orain, epaileak berretsi du, gutxienez, bere aurkako ekintzek -kolpeak zein atxiloketak- ez zutela oinarririk, herritarrek eurek grabatutako bideoei esker.

Akusatuen absoluzioa Ertzaintzaren hitzaren kontra, ezohikoa

Epaitegien giroa ezagutzen dutenek; abokatuek, poliziek, akusatuek, epaileek... jakin badakite ez dela horren arrunta agente baten hitzaren kontrako epaiak irakurtzea. Hortaz, ez da harritzekoa hamaika orriko sententzian epaileak bat baino gehiago baliatzea azaltzeko zertan datzan errugabetasun printzipioa eta zer den beharrezkoa ezer ezean uzteko.

Halaber, azpimarratzekoa da Beatriz Eva Romanek gogoratu beharra, behin baino gehiagotan, funtzionarioen deklarazioek "erabateko frogaren" balioa ez dutela eta modu kritikoan baloratu behar direla.

Ertzain akusatzaileen bertsioa, gezurtatuta bata bestearen atzetik

Abiapuntu horrekin, tamalez ezohikoa dena, epaileak banan-banan indargabetu ditu ertzain akusatzaileen adierazpenak. Berez, Aintzane Mendiari borra-kolpea eman eta atxilotu zuenak honakoa adierazi zuen bere deklarazioan:

  1. Tubacexeko langileek bidegorria okupatzen ari zirela euren aginduen kontra.
  2. Berak ez ziola borra-kolperik eman Aintzane Mendiari.
  3. Emakumeak eskumuturretatik heldu eta atzerantz tiratu zuela, gero burura kolpe bat bota ziola, baina kolpeari iskin egin ziola. Ustezko ukabilkadak aurpegian eman behar ziola.

Lehenengo adierazpena Brigada Mugikorreko buruak, hau da, egun horretan arduraduna izan zen ertzainak berak gezurtatu zuen epaiketan, ziurtatu baitzuen grebalariei baimena eman ziela bidegorrian egoteko.

Bigarren tesia (kolperik ez ziola eman atxilotuari) epaiketan erabilitako bideoak berak gezurtatzen du, epaileak berresten duen moduan, argi ikusten baita agentearen borrak Aintzane Mendia kolpatzen duela. Agente hori erraz identifikatu daiteke, bere kaskoak bi marra zuri baititu.

Azkenik, eta herritar batek grabatutako bideoa oinarritzat hartuta, Beatriz Eva Roman modu aski esanguratsuan ondorioztatzen du ertzainak "ez duela jakin izan azaltzen nola den posible emakumeak modu horretan heltzea (eskumuturretatik) besoak altxaturik bazituen paper batzuekin. Grabazioan ez  da ikusten ere aipatzen den bularreko kolpearen unea. Nolanahi ere, horri buruz ematen diren azalpenak zalantzan jar daitezke, esaten baita kolpea ez zihoala bularrera, burura baizik, eta ukipen hori saihesten duela, aldendu egiten delako. Zaila da ulertzea pertsona batek kaltea edo mina sortzeko borondatez edo intentzioarekin jarduten duenean, erabakitzea kolpe bat zuzentzea kasko batez gogorki babestuta dagoen gorputzaren zati berera, eta ez dirudi sinesgarria denik burura doan kolpea bularrean amaitzea".

 

Herritarrek grabatutako bideoa, gakoa

Absoluzioa ulertzeko, kontuan hartu behar da sententzian islatzen dela, kasu honetan, herritarrek grabatutako ikus-entzuneko lekukotzak ezinbestekoak izan direla. Izan ere, Amurrioko epaitegiko kameratako irudiak ez ziren argigarriak eta, gainera, teknologikoki ezin ziren eman epaigelan.

Hori aintzat hartuta eta ertzainen eta Tubacexeko langileen adierazpenak aurrez aurre jarrita, herritar batek jasotako bideoak desorekatu du balantza grebalarien alde, euren hitzek bat egiten baitzuten guztiz irudiekin: Aintzanek ez zuen inor jo, atzetik bultzatu zuten eta ertzainak bota zuen aurrera. Beste irudi batzuek frogatu dute emakumeak ez zuela erresistentzia egin behin atxilotua, hori baitzen beste akusazioa, erasoaz gain.

Edonola ere, herritarren bideoak pisu hain handia izateak erakusten du zergatik poliziak, eta Ertzaintza ez da salbuespena izan, are gutxiago Tubacexeko lan gatazkan, behin eta berriro mehatxatzen dituen herritarrak edo zenbait hedabide euren esku-hartzeak grabatzeagatik, Mozal Legea deiturikoa baliatuta. Hain zuzen, agerian uzten dutelako euren adierazpenen sinesgarritasuna.

Bideo horiek, Aintzaneren kasuan, absoluziorako bidea erraztu dute, baina Katalunian Mossoen Brigada Mugikorreko kide bat epaiketara bidaltzeko balio izan dute, gazte bat atxilotu baitzuen eraso bat asmatuta.. 

Bideoan ikusten dena eta epaileak ez duena baloratzen

Aintzane Mendiaren ustez, herritarrak grabatutako bideoak beste pasarte interesgarri bat dauka. Alegia, bideoan seigarren segundoan ikus daiteke operazioaren polizia buruak keinu bat egiten diola atxiloketa egiten duen ertzainari eta handik gutxira, emakumearen kontrako kolpea datorrela, eta bere atxiloketa.

Mendiaren ustez, nabardura hori garrantzitsua da, erakusten baitu bere aurkako ekintza ez zela kasuala, baizik eta aurretik adostutakoa eta helburu politikoak zituena; Tubacexeko grebalariak kriminalizatzea, bere atxiloketarekin liskarrak sortuta. Dena den, Brigada Mugikorrak hainbat langile kolpatu bazituen ere egun horretan kamaren aurrean, beharginek modu baketsuan egin zioten aurre oldarraldiari eta, Mendiaren aburuz, egitasmoa ezer ezean geratu zen.

Langilearen hausnarketa Txabi Alvarado Bañares kazetariak ere azaldu zuen Aiaraldea.eus-en duela urtebete baino gehiago.