Ondoko urratsen berri emateko agerraldi publikoa egin du Denon Bizitzak Erdigunean plataforma feministak otsailaren 20 honetan. Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldarria plazaraturik dutela, instituzioen partetik "neurriko erantzunik" jaso ez izana salatu dute. Plataformako kide den Ainhoa Olasorekin hitz egin du ARGIAk .
Instituzioen partetik "neurriko erantzunik" jaso ez izana salatu duzue agerraldi publikoan. Nola interpretatzen duzu isiltasun hori?
Intituzioetatik jaso dugun erantzuna ez da behar genuena izan. Arduratuta gaudenon ahotsa ez dute kontuan hartzen, ez dute greba feminista orokor bat egin izana baloratzen. Ez zaie interesatzen egiten ditugun interpelazio guztien aurrean jartzea, haien erantzuna denok dakigulako zein den: ez zaie interesatzen haien politikagintza zalantzan jartzea ezta aldatzea ere. Argi dago, gure bizitzen eta kapitalaren artean egiten duten hautaketa.
Zaintza sistema publiko komunitarioa duzue helburu eta horren alde "gogoz eta anbizioz" zabiltzatela azpimarratu duzue. Zer nolako antolaketa duzue?
Herriz herri grebaren bueltan aktibatutako asanbladek forma bat edo beste hartu dute –asanblada feministak, greba komiteak...– eta orain, grebaren ondoren arrastoa ezberdina da lekuan leku. Aurrera begirako erronkekin, maila lokaleko dinamikekin eta zaintza eskubide kolektiboaren aldeko pedagogiarekin gabiltza. Urtarrilaren 28an elkartu ginen azkenekoz asanblada feminista nazionalean eta herrietako dinamika eredugarriez eta korapiloez hitz egiteko tartea hartu genuen. Badaude prozesu honen baitan martxan dauden dinamika interesgarriak: Gasteizen, Beran, Gernikan, Amurrion... Asanblada nazionalak oso garrantzitsuak izan dira dinamikaren bueltan erabakiak hartzeko espazio bezala, elkar elikatzeko, eztabaidatzeko. Printzipioz, funtzionamendu hori mantentzea aurreikusten da. Hego Euskal Herri mailan, aldiz, koordinazioan, maizago elkartzen gara. Sektore ezberdinekin bilerak egiten gabiltza, mahai intersindikalean parte hartzen dugu mugimendu feministako kide bezala, etxeko langileen elkarteak ere elkartuta daude, harremana zuzena da. Urri bueltarako topaketa batzuk antolatzen gabiltza.
Prozesu honek ondorioak izan ditu mugimendu feministaren baitan ere: asanbladak aktibatu ditu, gogoak indartu ditu, sare batzuk piztu ditu, nolabait agenda markatu du.
Iazko azaroaren 30eko greba feminista orokorraz geroztik denboratxoa pasa den honetan, zer nolako indarra eta energia du mugimendu feministak?
Prozesu honek ondorioak izan ditu mugimendu feministaren baitan ere. Asanbladak aktibatu ditu, gogoak indartu ditu, sare batzuk piztu ditu, nolabait agenda markatu du. Lekuan leku ezberdina izango da, baina azken asanbladan 300 kidetik gora elkartu izana pozgarria dela esango nuke. Gogoa badago hor. "Eta orain zer egingo dugu?" galderari buruzko jakin-mina ere bai. Hori mugimendu batekiko konfiantzaren seinale dela uste dut.
Zein dituzue ondoko urratsak edota helburuak?
Asanbladan lanean jarraitzeko asmoan berretsi ginen. Sektore ezberdinekin elkartu eta estrategia amankomunak josten gabiltza. Instituzioak interpelatzen jarraituko dugu. Maila lokalean, bertako egoeren eta beharren araberako dinamikak jarriko dira martxan, eta Herri Akordioaren zabalkundeari ekingo diogu, aliantzak indartuz ere. Mugimendu feministak eta prozesu honen baitan elkartzen diren eragileak –izan etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, sexu langileak zein eragile sozialetako kideak– agente izan nahi dugu: Herri Akordioa osatu genuen eta aldarrikapenak agendan kokatu nahi ditugu, erabaki guneetan eragin nahi dugu.