argia.eus
INPRIMATU
Ainhoa Güemes: Subjektu politiko feminista aldarrikatzetik Euskal Estatu feministara
  • Ainhoa Güemes kazetariaren ustez, subjektu politiko feministaren aldarrikapena da Euskal Herriko eremu sozio-politikoan azken urteetan egin den aldarrikapenik sendoena. Orain, Euskal Estatu feministaren aldeko aldarrikapenak indarra hartu duela dio uriola.eus webgunean idatzitako iritzi artikuluan.

ARGIA @argia 2015eko apirilaren 10
Jule Goikoetxeak 2014ko Topaketa Feministetan aldarrikatu zuen Euskal Estatu Feminista. Argazkia: Argia.

Güemesek estatugintza feministaz Jule Goikoetxea politologoak (elkarrizketa mardula egin zion Info7 irratiak) emandako azalpenak ekarri ditu gogora: “Feministen arteko artikulazioari esker, hiru urtetan, subjektu politiko feminista aldarrikatzetik Euskal Estatu feminista eta sozialistaren aldeko ahotsak entzuten ari gara gaur. Jule Goikoetxea politologoak azaltzen du (eta bera da lerro hau gehien jorratu duena, Euskal Estatuaren beharra ikuspuntu feministatik pentsatzera garamatzana, hain zuzen), estatugintza feminista, prozesu bezala ulertuta, politika publikoak egiterakoan, diskurtso ofizialak artikulatzerakoan, zer den erabakitzerakoan, alegia, zer izango den enplegua, zer lana, nolako politika publikoak egingo diren, zer sartuko den merkatuaren logikan, eta abar".

Güemesen ustez, ausartak izan behar gara itzelezko obra kolektibo hau egia izan dadin. “Horretarako, kritikoki pentsatzen ikastea da, nire ustez, bizi garen errealitatearen analisi zorrotza egiten lagunduko gaituen ekintzarik preziatuena”.