argia.eus
INPRIMATU
LAB: “Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu hauek pobreziara kondenatuko dute emakume asko”
  • Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak emakumeen prekarietate egoerari aurre egiteko biderik ez dutela eskaintzen eta berdintasun politikak marjinalak direla baloratu du LABek.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 19a
Ainhoa Etxaide eta Zaloa Ibeas (Arg.: LAB)

EAEn langabezia-tasa %12,2koa da, langabezian dauden 71.061 emakume laguntzarik ez dute eta emakumeen soldata gizonezkoena baino %33 baxuagoa da. Aurrekontuak “ezinbesteko tresna” dira egoera horri aurre egiteko, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Zaloa Ibeas Emakume Idazkaritzaren arduradunak azaldu dutenez, baina Iñigo Urkulluren Gobernuaren aurrekontuekin ez dela lortuko ziurtatu dute. Jaurlaritzak aurrekontuen %69 bideratu du gastu sozialetara eta 2009an %73,9 bideratu zuen.

LABek azpimarratu du aurrekontuetan ez dutela aurkitu emakumearen lan baldintza prekarioei aurre egitera bideratutako neurri zehatzik. Nabarmendu dute zaintza lanak egiteko eszedentzia eskaeren ia osotasuna emakumeek egiten dutela eta Eusko Jaurlaritzak diru laguntza batzuk baino ez dituela emango kontziliaziorako, partiden %0,29.

Indarkeria matxistaren aurkako neurriei dagokienez, salatu dute indarkeriaren prebentziorako aurrekontuen %0,0045 bideratuko dutela horretara. Horrez gain, azpimarratu dute berdintasun politikak “modu integralean” garatu ahal izateko berdintasun teknikariak beharrezkoak direla eta egun soilik 26 daudela.

Egoerari aurre egiteko lau proposamen egin ditu LABek Ainhoa Etxaideren ahotik: Lehena, 1.200 euroko oinarrizko soldata ezartzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketak bertan behera uztea, 35 urteko lanordua ezartzea eta enplegu publikoa sortzea. Bigarrena, zaintza lana aitortzea eta hauei balio ekonomikoa ematea. Hirugarrena, Legebiltzarrak egin duen indarkeria matxistaren aurkako lege berria mugimendu feministarekin batera lantzea. Eta azkena, berdintasuneko teknikari kopurua handitzea, esparru guztietan daudela ziurtatzeko.

Aurrera begira lanean jarraituko dutela ziurtatu du Etxaidek, "aurrekontuak feministak izatea lortu arte".