argia.eus
INPRIMATU
Ainhoa Barbarin presoa espetxera itzularazi dute bigarrenez, hirugarren graduari helegitea jarrita
  • Sare Herritarrak elkarretaratzea deitu du abuztuaren 4an Urretxun. Epaitegiak euskal presoen eskubideei “boikot” egiten ari direla salatu dute.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 03a
Gradu erregresioen aurkako mobilizazioa. Argazkia: Sare Herritarra.

Urretxuko Ainhoa Barbarin presoari uztailaren 27an onartu zioten hirugarren gradua, baina Espainiako Estatuko Fiskaltzak helegitea aurkeztu eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak espetxera itzuli beharko dela erabaki du berriki.

Sare Herritarrak gogoratu du 2022ko urrian ere eman ziotela hirugarren gradua, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak otsailean kendu ziola. Bi aldietan “legeak dioen bideari jarraituz birgizarteratzea fasean aurrera egiteko aukera eten” egin diotela salatu du presoen eskubideen aldeko mugimenduak. Fiskaltzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak “elkarbizitza zangotrabatzen” jarraitzen dutela adierazi dute.

21 urte daramatza Barbarinek preso, zigorraren bi herenak beteta ditu jada, eta Sareren hitzetan “baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren graduan egoteko”. Erabakiaren aurka protesta egiteko elkarretaratzera deitu dute ostiralean 20:00etan, Urretxuko Potros plazan.