argia.eus
INPRIMATU
Aiherrako eta Hazparneko Lauak lantegietako langileriaren herena kanporatuko dute
  • Orotara 138 langile kanporatuko dituzte Aiherran kokaturiko lantegitik, 18 Hazparnetik eta Frantziako Isle-Jourdain herrian duen enpresako 115 langileetarik beste 60. Koronabirusak eragindako egoera ekonomikoari lotzen dute kanporaketa plan hau.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 10a

Egunez-egun informazioa heltzen ari zaie, azken hilabeteetan zuzendaritzak jakinarazitako kanporatzeei buruz. 466 langileetatik 138 kanporatuko dituzte Aiherran kokaturiko lantegian, 62 langileetatik 18 Hazparnen eta Frantziako Isle-Jourdain herrian duen enpresako 115 langileetarik beste 60. Koronabirusak eragindako egoera ekonomikoari lotzen dute kanporaketa plan hau.

Langileen egoera salatzen dabil CFDT sindikatua, elkarrizketa soziala exijituz; orain arte zuzendaritzak arras gutxi komunikatu duelako kanporaketa horiei buruz.

Koronabirusaren testuinguruaren eraginez, Lauak-en aktibitate ekonomikoaren apaltzearen ondorioz datoz kanporaketak –lan eskaerak %40 jaitsi zaizkie aurten–. Zuzendaritzak zehazten duenez, %50 jaitsi da bere aktibitatea 2020an. 2019an 160 milioi euro irabazi bazituen, aurten 100 milioi irabaziko lituzke. Aeronotikaren sektorean dabilen enpresa da Lauak, hegazkinentzako piezak ekoizten dabilena. Enpresa euskalduna da, 1975ean sorturikoa eta lantegi gehiago ditu Okzitanian, Portugalen, Mexikon, Kanadan eta Indian.