argia.eus
INPRIMATU
‘Aiherra, Nafarroako leihoa’ kabalkada emanen dute igande honetan Aiherra herrian
  • Baxenabarreko Aiherra herrian kabalkada eginen dute lehen aldikoz irailaren 22an, igande honetan. Ehun bat lagunek parte hartuko dute; dantzariak, antzerkilariak eta bertsolariak ariko dira herriko plazan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko irailaren 20a
Hainbat jokalari entseguetan, Aiherrako plazan (Argazkilaria: Guillaume Fauveau).

Kabalkada gero eta gehiago ari dira egiten Lapurdin eta Baxenabarren. Itxura batez, Zuberoan pastoralak nola halaxe ari dira kabalkadak plazaratzen beste bi lurralde hauetan. Kabalkadak karrika agerraldiak dira, herritarren ekimenez eginak. Aiherran atondu duten kabalkadak Aiherra, Nafarroako leihoa izena du, lehen emanaldia igande honetan izanen da, 22an; eta bigarrena irailaren 29an. 

90 dantzari, 24 antzerkilari, 11 musikari eta bost makilari aritu izan dira astero, iragan urtean hasita. Horiekin batera, bertsolari bi ere ariko dira: Ramuntxo Christy eta Aitzol Iturbe lehen emanaldian. Bigarrenean berriz, Maddi Sarasua eta Maddalen Arzallus. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “folklorismora” lerratzeko arriskua saihesteko, eta kabalkadaren oinarriak ontsa ulertzeko, Antton Lukuren eta Xabier Itzaina adituen laguntza ukan dute aihertarrek.

Aiherra, Nafarroako leihoa kabalkada apailatzen hainbat aditu izan dituzte lagun, baita karrikako antzerki mota honetan arituak ere. Makea herriko kabalkada izan dute erreferentzia.Samuel Bizkai antzerki idazleari Makeako kabalkadaren forma “biziki gustatu” zitzaion, hots, bere eletan “labur, trinko, eta xixt” izan zelako. Aiherrako kabalkadaren arizaleek “jendarte jakin baten parodia” eskainiko dute bere hitzetan.

Manex Fuchs antzerkilariak ere bere ekarpena eta laguntza ekarri dizkie aihertarrei, Fuchsi herriko jendea mugitzea eta kabalkadak antolatzea “ontsa” iruditzen zaio. Alabaina, Fuchsen iritziz, kabalkadek ere, libertimenduek eta toberek eskaintzen duten espazio “libre” interpretatzen jakin behar dute, baita “euskal tradizioa” zer den aditzera eman ere.