argia.eus
INPRIMATU
Aieteko Konferentziaren urteurrena: ETAren urratsak ez du erantzunik jaso
  • 2011ko urriaren 17an egin zen Donostian bakea lortzeko urratsak zehaztea xede zuen Aieteko Konferentzia. Kofi Annan, Gerry Adams, Jonathan Powell, Gro Harlem eta Pierre Joxe nazioarteko eragileek bost puntuko adierazpena aurkeztu zuten. Aurrenekoa besterik ez da bete oraingoz: 2011ko urriaren 20an ETAk armak utziko zituela iragarri eta Espainia eta Frantziako gobernuekin hitz egiteko borondatea agertu zuen. Bi gobernuek, ordea, ez diote Konferentziaren bide-orriari heldu.

2012ko urriaren 17a
Bost puntuko agiria aurkeztu zuten nazioarteko eragileek.

Bost puntuko agiria

Adierazpen hau aurkeztu zuten duela urtebete Donostiako Bakearen Etxean bildutakoek:

1 - ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko.

2 - Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko.

3 - Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.

4 - Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.

5- Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu.

Honela kontatu genizuen

Honela kontatu genizkizuen 2011ko urriaren 17an Aieteko Konferentziaren ingurukoak, Storify bidez, gonbidatuak iritsi aurreko momentuetatik hasi eta Xabier Letona ARGIAko zuzendariak agiria eskuetan egindako balorazioraino: Donostiako Nazioarteko Konferentziaren kronika.

Bestalde, ARGIA aldizkariaren 2.295. zenbakian Konferentziaren inguruko kronika, argazki-galeria eta analisiak bildu genituen.

Aieteko Adierazpena, minutuz minutu.