argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko jardunaldiak
Aieteko Adierazpenetik 10 urtera, zer ikasi dugu eta zein erronka daude bakerako bidean?
  • Urriaren 17an beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zela Aieteko jauregian, Donostian. Urteurren horren kari, nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte hainbat eragilek, "bakeak Euskal Herrian eta mundu zabalean dituen erronkei laguntzeko asmoz".

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko irailaren 09a
2011ko Aieteko Adierazpena mugarri izan zen Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko (argazkia: Dani Blanco)

Duela hamar urteko testuingurua eta gaurkoa ez direla berdinak onartuta –eta besteak beste bizi dugun pandemia globalak bakea bilatzeko ahaleginei ere eragin diela jabetuta–, Aieteko Adierazpena egin zenetik hona izandako irakaspenak ezagutu eta "pandemiaren osteko mundu berri honetan bakearen arloak dituen erronkak" aztertzeko nazioarteko jardunaldiak egingo dituzte, urriaren 14an eta 15ean Donostian, Aieteko jauregian bertan eta Kursaalen, Aietek 10 urte. Irakaspenak eta erronkak goiburupean.

Jardunaldiok Concicliation Resources eta Berghof fundazioek sustatu dituzte, konferentzia historiko hura antolatu zuten erakundeetako bik, baita urteotan Euskal Herrian bakearen alde eta gatazkaren konponbidea lortzeko zereginean dabiltzan Foro Sozialak eta Bake Bideak ere. "Konferentziaren helburu nagusiak honako hauek dira: euskalbake prozesuaren irakaspenak balioestea, bakearen eraikitze prozesuari dagozkion oztopoak eta aukerak aztertzea eta gatazkak konpontzeko erronka globalez hausnartzea", azaldu dute aurkezpenean.

Aieteko Adierazpenak "agertoki berri baterako bidea" ireki zuela gogorarazi dute antolatzaileek, eta honen ostean izandako Kolonbiako bake prozesuarekin, "XX. mendeko gatazkarik zaharrenetakoak" eraldatu egin zirela. Eraldaketa horretan lorturiko aurrerapenak eta oraindik gelditzen diren oztopoak gogoratzeko baliatuko dituzte jardunaldiak.

Jonathan Powell, Brian Currin, Martin Griffith eta beste hainbat ospe handiko izen ageri da egitarauan. Biktimen inguruan ere hitz egingo dute hainbat aditu eta lekukok, eta azken mahai-inguran Juan Jose Ibarretxe eta Quin Torra Eusko Jaurlaritzako eta Kataluniako Generalitateko lehendakariak arituko dira, Amalur Álvarez eta Jordi Cuixarrekin batera.

Aurkezpenaren bideoa osorik, Foro Sozialaren Youtubeko kanalean: