argia.eus
INPRIMATU
Aieteko Adierazpena herritarrekin partekatzeko Baionako Bake Foroa izango da abenduaren 15ean
  • Lokarrik, Bake Bideak eta Baionako Unibertsitateak antolatu dute Baionako Bake Foroa. Aieteko bake konferentziako Adierazpena izango dute oinarri eta antolatzaileek adierazi dutenez, euskal gatazkaren konponbidea Ipar Euskal Herrian ere gizarteratzea da helburua. Herritarrek parte hartzea nahi dutenez, Baionako Unibertsitatean antolatu dute egun bateko foroa eta hitzaldi eta mahai-inguruetara gonbidatuta daude herritarrak. 400 lagunentzako tokia du aretoak eta Internetez ere jarraitu ahal izango da. Euskarara eta frantsesera itzuliko dira jardunak.

2012ko azaroaren 14a
Aieteko Adierazpena gizarteratu nahi du Baionako Bake Foroak. Argazkia: Dani Blanco.

Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek eta Europako hiru fundaziotako kideek hartuko dute parte hitzaldi eta mahai-inguruetan. Ondokoak izango dira Baionan: Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak (Pierre Hazan eta Brian Currin), Michel Tubiana (Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea, Jean Pierre Massias (Baionako Unibertsitateko irakaslea), Berghof Fundazioa, Conciliation Ressources Fundazioa eta Varenne Fundazioa.

Hiru mahai-inguruen izenburuak ondokoak dira: Aieteko Unea, Aieteko Adierazpenaren oinarriak, eta Aiete: Frantzia eta bake prozesua.

Baionako Bake Foroa egun batekoa izango da, baina zikloak urtebete iraungo du. Dagoeneko prest dituzte 2013an zehar jorratuko dituzten gaiak: Bake prozesua eta bortizkeria politikoa; Bake prozesua eta gizartea; Bake prozesua eta lurraldearen berrosaketa; Bake prozesua eta memoria.