argia.eus
INPRIMATU
Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik
  • Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu gipuzkoarrak egotzitakoak, zeinak Nafarroako Gobernuari “gezurretan” aritzea leporatu zion.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urtarrilaren 25a
Argazkia: Ecofert Sansoain.

Afera aspaldikoa da, baina horren berri joan den asteartean eman zuen Nafarroako Legebiltzarrean Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak. Bertan azaldu zuenez, Artaxoako Ecofert Sansoain enpresak azken bi urteetan Zubietako erraustegitik bideratutako 5.000 tona lixibiatu jaso zituen 2022 eta 2023 artean.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak Artaxoako konpostatze planta behin-behinekoz itxi du, egoera argitu eta erantzukizunak bete arte. Aierdik azaldu zuenez, planta horrek hondakin organikoak jasotzen ditu horiekin konposta egiteko, eta beraz, ezin du inolaz ere hondakin likidorik jaso.

Aierdiren erranetan, ikuskatzaileek egindako azterketen ondorioz, ikusi zen Zubietako erraustegitik heltzen ziren lixibiatuak oker izendatuta zetozela Nafarroara, eta Ecofert enpresak legez kanpo jaso zituen. Asteazkenean egindako agerraldian, Jose Ignacio Asensiok erantzun zion hori ez zela egia, Zubietako hondakinen ziurtagiriak Eusko Jaurlaritzak jartzen dituela, kasu honetan ere hala izan dela, Nafarroara bidalitako lixibiatuak tratamendu biologikoa izan dutela, eta ez direla erraustegitik pasatu.

Aierdiren ustez, alabaina, Nafarroako Gobernuak ez die inongo kalifikaziorik jarri Gipuzkoatik datozen lixibiatuei, baina zehaztu du Artaxoako plantak ezin duela lixibiaturik jaso, izan toxikoak ala ez, “edangarria den Insalus ura ere ezingo luke jaso”. Azaldu zuenez, Gipuzkoako Aldundia eta Nafarroako Gobernuko teknikarien kontaktuen ondorioz, abenduaren 18tik Gipuzkoatik ez da gisa horretako lixibiaturik bidaltzen Nafarroara.