argia.eus
INPRIMATU
Aiene batean
  • Galtzeko arrisku handirik gabeko apustua da gainean dugun Kubako misilen krisiaren 60. urteurrenaren harira norbaitek gogora ekarriko duela “telefono gorria” abian jarri zela orduko bi potentzia nuklear nagusien artean. Besterik ez bada, esateko ditxosozko telefono gorria ez zela telefonoa ezta gorria ere.

Mikel Aramendi 2022ko urriaren 07a
Argazkia: Xinhua

Ez da alfer-lana izango, haatik, egungo gorabehera parekideez gogoeta apurra egiteko bederen balio badu.

Orduko kinka haren itxura gero nabarmenagoa hartzen ari den tenore honetan, ia desberdintasun guztiak txarrerako direla aitortu behar baita. Hara, orduan bi ziren balizko solaskideak: Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna; Erresuma Batuak bazituen arma termonuklearrak ordurako, baina AEBen gehigarria baino asko gehiago ez zen jada; eta Frantziaren “Force de Frappe” ia asmo hutsa zen. Orain, ordea, arma nuklearduna ez ezik triada nuklearraren (misilak, urpeko ontziak, hegazkinak) jabe da jada Txina; eta tarte gehiago edo gutxiagorekin, ildo berean doaz India, Pakistan, Israel, Ipar Korea... Solasa, beraz, gero eta korapilatsuagoa da, interesak nahasi eta kontrajarriagoak diren neurrian. Borondatea behar litzateke; komunikabideak badaude.

Kubako misilen krisiak sagaratu zuen MAD (Mutual Assured Destruction) doktrinak, ibilian, bi handien arteko SALT hitzarmenak hozitu zituen, baina haien akabera ere ikusten ari gara. Eta gero eta zailagoa dirudi halako armagabetze nuklear kuantitatiborik berregin ahal izatea, arazoaren zati bat besterik ez baita buruen kontabilitatea.

Nolabaiteko aurrerapausoa izango litzatekeena, arma nuklearrak erabiltzen lehena ez izateko konpromisoa, proposamena luzatu zuen Txinak baino ez du aintzat hartu. Ukoak zer esan nahi duen aise ulertzen da. Okerrena, edozein unetan gerta liteke, telefono gorriarekin nahiz gabe.

Horregatik bizi gara aiene batean, isilpeko mezuen zelatan. Azkena: Txinako armadaren oraintxeko bideo batean kausitu dute batzuek DF-26 misilen erakusketa nabarmen samar bat. Berehala, jakina, misil horren izengoiti mendebaldarra “Carrier Killer” dela gogoratu dute gehienek. Baten bat, ordea, aurreraxeago joan da: buru aldagarriak, konbentzionalak nahiz nuklearrak, eraman ditzakeela gogoratu du.

Eta, egia edo gezurra, misil horien kontura estatubatuar eta txinatar militarren arteko solasaldi batean gertatua oroitarazi du: “Zer gertatuko litzateke horietako bat, buru nuklearra daramala, konbentzionala delakoan eraitsiko bagenu guk?” galdetu omen zuten estatubatuarrek; “Egizu proba, eta ikusiko duzu”, izan omen zen txinatarren erantzuna.

Horrela gaude. Eta telefonoa baino askoz gehiago behar da hemendik ateratzeko.