argia.eus
INPRIMATU
“Osasun sistema duina” aldarrikatu dute Aiaraldean, Laudioko bizilagunaren heriotzak kolpatuta
  • Abuztuaren 22tik 23rako gauean Laudioko ZIU Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrean medikurik ez zegoela-eta, bihotz-gelditzea izan zuen gizona artatzera Bilboko unitateko medikuek bertaratu behar izan zuten. Gizona biharamunean hil zen. Laudioko Udaleko gobernu taldeak eta SOS Aiaraldea plataformak gertatutakoa salatu dute, eta ohartarazi ez dela izan kasu "puntual" bat.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko abuztuaren 27a
Larunbatean elkarretaratzea egin zuten Laudion, "Aski da. Osasun sistema publiko eta duina orain!" lelopean / Aiaraldeko Greba Batzordea

Laudioko Udaleko gobernu taldearen hitzetan egoera "onartezina" da. "Berriz ere herritarren bizitzak arriskuan jartzen dituzten politiken ondorio tamalgarriei aurre egin behar diegu Laudion. Momentu hauetan egoera lazgarri hau pairatzen ari diren familien ondoan jartzen gara, beraien dolua herritar guztiona bilakatu da", adierazi du Laudioko alkate Ainize Gastakak.

Bestalde, SOS Aiaraldeak eta Aiaraldeko Greba Batzordeak adierazi dute asteburuan gertatutakoa ez dela kasu "puntual" bat izan. "Zoritxarrez egoera hau ez da berria: urtarrilean beste pertsona bat hil zen Laudioko Etengabeko Arreta Gunean, gune horretan medikurik ez zegoenean", salatu du Greba Batzordeak, erreferentzia eginez urte hasieran bihotzekoak jota hil zen 42 urteko herritarraren kasuari. Zentzu berean mintzatu da SOS Aiaraldeko kide Ludi Temiño ere: "Askotan salatu dugu medikuak falta direla Laudioko eta Amurrioko EAG [Etengabeko Arreta Gune] eta ZIU mugikorretan". Plataformak elkarretaratzea deitu du ostegunean, 19.00etan Laudioko Herriko plazan.

LAB sindikatuak bat egin du deialdiarekin. "Asteburuan Laudion gertatutakoak agerian uzten du, berriz ere, Osakidetzako Emergentzien zerbitzuak aspaldidanik duen arazo larria", dio plazaratutako oharrean. "Gure doluminik zintzoenak adierazi nahi dizkiegu hildakoaren familiari eta lagunei, Osakidetzako langile guztiek bere egiten dituztenak. Izan ere, langile horiek, zalantzarik gabe, indargabe eta frustrazio-maila handiarekin sentitzen dira honelako gertakarien aurrean".

Hainbat protesta

Urtarrilaz geroztik hainbat ekimen egin da Aiaraldean, Etengabeko Arreta Guneetako gabeziak salatzeko. Bastidan, esaterako, mediku errefortzurik gabe geratu dira uda honetan, Alea.eus-ek gogorarazi duenez. Arazoa zabalagoa da, ordea. Osakidetzako Langileen Batzordeak salatu du ekainetik hona ZIU mugikorretako 100 txanda baino gehiagotan ez dela medikurik egon.

Aiaraldea agerkariak gehitu du iragan astean 24 mediku txanda zeudela betetzeke Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan abuztu eta irailerako.